‘Drama barik’ bueltatu da Sueder
Bost urte eta gero, ‘Drama barik’ lan berria aurkeztu du Sueder taldeak. Lehenengo kanta kaleratuta, hurrengoak apurka-apurka argitaratuko dituzte gernikarrek.

Bueltatu dira. Bost urte eta gero, Sueder taldeak lan berria aurkeztu du. Eszenatik kanpo gauzela onarturik, funtzioak jarraituko du drama barik, dio euren abesti berriak, baina eszenan sartu-sartuta daude. Eurak dira protagonistak. Drama barik izeneko lan berria kaleratu dute, eta entzuleen harrera bikaina eduki du Xabi Larrainzarren, Unai Aldekozearen eta Ander Uribarriren abestiak.
“Gogotsu eta indarberrituta” bueltatu dira. Talde positiboa da Sueder, eta halako mezuak transmititu gura ditu historia pertsonaletan oinarritutako kantuen bitartez. “Kantetan historia eta nahi pertsonalei zein faltan ditugun gauzei buruz berba egiten dugu. Esperientzia pertsonaletan oinarritutako abestiak dira, ez dira gai unibertsalak lantzen, norberaren istorioak baizik. Horiek, gainera, interpreta daitezkeenak dira”, azaldu du Larrainzarrek.
Drama barik izenburupean kaleratu dute lehen kantua, eta izenburua egoerara “oso ondo” egokitzen den arren, ez dute egoerari erreferentzia egiterik bilatu: “Izenburua ez dugu koronabirusak bultzatuta jarri, baina egoerak bultzatzen du titulua eta gaur egungo errealitateagaz lotzera. Interpretazioa librea da. Kantua izan daiteke maitasun historia bat, izan daiteke baita ere adinekoen egoitza bateko topaketa bat, edota bi lagun onen arteko agur bat. Bakoitzak bere interpretazioa egin behar du”.
Norberak ezagutzen duenari buruz idazten du, momentuan sentitzen duenari buruz. Hala, talde positiboa direla esanda, “mezu positiboak, lagunak eta ‘rollo’ ona” transmititu gura izan dutela esan du Aldezkozeak.
Pop-rock estiloan mugitzen dira, baina bakoitzari musika estilo jakin bat gustatzen zaio. “Ander alternatiboagoa da, Xabi gogorragoa eta ni poperoagoa. Baina badago elkartzen gaituen puntu bat”, dio Aldekozeak.

Sueder taldea. Argazkia: Ander Zarraga
Itoizekin alderatu du hainbatek Sueder taldearen lan berria, eta taldekideak bat datoz konparaketagaz. Izan ere, euren erreferenteen artean dago Itoiz: “Gure erreferenteak beti izan dira Itoiz edo The Police bezalako taldeak, eta orain asko alderatzen gaituzte Itoizegaz. Gure erreferenteetako bat da, eta horrek zerikusia eduki dezake”.
Kantaz kanta
Disko osoa dute grabatuta, baina, momentuz, euren kanta bakarra dago entzungai, abestiak apurka-apurka kaleratzearen aldeko apustua egin dute eta. Lana “modu ezberdin” batean kaleratzea zen asmoa hasieratik. “Disko guztiko kantak batera publikatzea da ohikoena, eta hori eginda, kontzertuak ematea. Baina egoera zein den ikusita, diskoa argitaratu eta kontzertuak ematen hastea ez genuen posible ikusten. Udara begira jarri gara, eta lanak banaka kaleratuko ditugu, diskoa serie bat izango balitz bezala”.
Metodo hori erabilita, kantu baikoitzari “balio handiagoa” eman gura diote: “Hala eginda, kantu bakoitzak zelan funtzionatzen duen ikusten joan gaitezke, probatzen. Abesti guztiak entzun eta horiek balioan jartzea lortzen da. Izan ere, denak batera kaleratuz gero, ahaztuta geratzen direnak egoten dira beti”.
Ez dakite bi hilabetean behin edota hiru hilabetean behin kaleratuko dituzten lan berriak; hori, “momentuaren arabera” erabakiko dute. Izan ere, eurak dira proiektuaren ekoizleak. “Banan-banan kantuak kaleratzeak promozio lana ere errazten digu. Bakoitzak bere lana dauka, eta metodo honek lana errazten digu, eta prozesua gehiago gozatzeko aukera ematen digu”.
Grabaketa prozesua azaroan eta abenduan gauzatu zuten, Arratzun, Jon Urriolabeitiagaz. “Luze joan zen. Ohituta geunden grabaketak astelehenetik barikura bitartean egitera, egunean zortzi orduz. Oraingoan, baina, asteburuetan grabatu dugu, eta 21:00etarako bukatu behar genuen koronabirusaren ondorioz”, azaldu dute.
Grabaketetan laguntza izan dute, eta Ekain Alzolaren lana eskertu dute: “Koldo Sanchez joan zenean, abeslari eta baxu-jotzaile barik geratu ginen, eta Ekainek bete du bere lekua grabaketetan. Oso musikari ona da, eta lagungarria izan zaigu. Championseko fitxaketa izan da. Jon Urriolabeitia ere asko inplikatu da”.
Diskoaren irudia egiteaz, berriz, Ana Belen Sanchez arduratu da. Loreak dira Suederren lan berriko azalean agertzen direnak, esanahi eta kolore desberdinak dituztenak. “Kantuak entzunda sortu zuen azala. Bertan agertzen diren loreek, gainera, kantekin lotura zuzena daukate”, azaldu du Larrainzarrek. “Kohesio hori lortu dugu, eta oso pozik gaude”.
5 urte eta gero, bueltan
2015ean taldeak bere lehendabiziko diskoa plazaratu zuen, Bazan Ordue izenburuagaz. Urtebete kontzertuak ematen pasatu eta gero, 2017 eta 2019 urte bitartean taldea geldirik egon zen. “Eten bat izan genuen, baina 2019an berriro ekin genion”. Orduan, lau ziren taldean, baina Koldo Sanchez abeslari eta baxu- jotzaileak taldea ixtea erabaki zuen: “Diskoa konposatzen hasi ginenean utzi zuen taldea, ez zelako denetara heltzen. Oso penatuta utzi zuen”.
Hausnarketarako momentua izan zela diote, “abeslaria galtzea oso gogorra delako”. Baina egoera okerrari aurre egin zioten. Izan ere, Uribarri bateri-jotzaile izatetik ahotsa izatera ere igaro da. “Anderregaz probatu genuen, eta ezustekoa izan zen guretzat. Zelan abesten zuen entzutean, argi geneukan bera izango zela abeslaria”.
Bateria jo bitartean kantatzea ez da erraza, eta, ondorioz, zuzenekoetan laguntza izango dutela azaldu dute: “Zuzenekoak egiten ditugunean, bateria-jotzaile berri bat etorriko da laguntzera”.
Hala ere, zuzenekoak ematea ez dute epe laburrerako aurreikusten. Udaren esperoan gaude. “Talde handiak ari dira kontzertuak eskaintzen, baina txikientzat ez da erraza”. Hala ere, agertokietara itzultzeko “gogotsu” daude, egindako lanagaz “gustura” daudelako. “Lagunek ere asko gustatu zaiela eta gehiago entzun gura dutela esan digute. Taldeak freskotasuna daukala”.