Zaintza sistema publiko baten beharra aldarrikatu dute sindikatuek
ELA, LAB, UGT, ESK eta CCOOk deituta, kalera atera dira zaintza arloko langileak. Zaintza lanen aitortza politiko, sozial eta ekonomikoa eskatu dute sindikatuek.
Zaintza eta gizarte zerbitzu sistema eta kudeaketa “publikoaren, unibertsalaren, doakoaren eta kalitatezkoaren” alde mobilizatzera deituta egon dira Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako zaintza sektoreko langileak, gaur, eta euren eskubideak aldarrikatu dituzte hiriburuetako kaleetan.
ELA, LAB, UGT, ESK, eta CCOO sindikatuek deitutako greba da gaurkoa. Mobilizazioetarako deialdiak nork bere aldetik egin badituzte ere, “milaka pertsona” batu direla azaldu dute batzuek zein besteek. ELAk greba egun “arrakastatsua” izan dela dio. Hiriburuetan egindako ekitaldietan, aldundiei, udalei eta Jaurlaritzari eskatu diete gaur egungo zaintza eredua aldatzeko, “negozioan oinarritzen delako eta ez pertsonengan”. Duintasunez zaintzeko eskubidea bermatuko duen eta zaintzen dutenak zainduko dituen eredu bat aldarrikatu dute. “Sistema publikoa eraikitzeko urratsak eman behar ditugu, eta horretarako ezinbestekoa da zaintza lanen aitortza politiko, ekonomiko eta soziala egitea. Aitortza horrek lan baldintza duinetan izan behar du eragina, kontratazioak handituz, ratioak hobetuz edota soldatak hobetuz”, azaldu du Garbiñe Aranburu LABeko ordezkariak.
Eskaerak. Zaintzaren sektoreko profesionalen lan-baldintzak hobetzea ezinbestekoa dela diote sindikatuek eta zaindu beharreko pertsonei arreta “duina eta integrala” eskaini behar zaiela aldarrikatu dute.
Zaintza sektorearen “merkantilizazioa” salatu dute ELAk eta LABek, eta zaintza sektorea eredu pribaturantz doala esan dute. Horren aurrean, sektore publikoa izatearen beharra azpimarratu dute. “Erakunde publikoek zaintzaren asistentziazko ereduaren eta pribatuaren alde egin dute, eta funtsezko premia hori negozio bikain bihurtu dute enpresa handientzat, diru publikoaren, emakume langileen baldintza eskasen eta zerbitzuen kalitate txarraren kontura”.
LABekoen ustez, horrek eragin zuzena dauka zaintza laguntzak jasotzen dituztenengan. Izan ere, erabiltzaileek behar duten denbora eta arreta ere “ez zaiela behar beste bermatzen” diote. Hori horrela, langileen baldintzak “hobetzea” ezinbestekotzat jo dute: “Nabarmen hobetu behar dira langileen lan baldintzak, eta merezi duen bezala konpentsatu behar da nagusiki feminizatuta dagoen sektore batek duen funtzesko eginkizuna”. Genero arrakalagaz amaitzea ere aldarrikapena izan da gaurkoan, eta hori gainditzeko “beharrezko neurriak” eskatu dituzte.
Langileen egoeraren aurrean, ELAk 10.000 profesional gehiago kontratatzeko eta lanaldia %100eraino luzatzeko eskaera ere egin du, eta sektoreko genero arrakala gainditzeko “taxuzko neurriak” aldarrikatu ditu. ESK ere bat etorri da ELAren aldarrikapen batzuekin, zaintza zerbitzu publikoa aldarrikatu, eta postu gehiago sortzeko eskatuz.
Halaber, zuzeneko arretaren ratioak hobetu eta bajan dauden langileen ordezkapena lehen egunetik egitea eskatu dute ELAk eta LABek.
Adinekoen egoera. Gaurkoa mobilizazio eguna izan da baita ere zaintzaren gaiarekin ardura duten eragileentzat. Besteren artean, mugimendu feministakoak eta pentsiodunak atera dira kalera. LAB Helduak arloko Lea-Artibaiko kideek, gizarte zerbitzuetan ematen diren pribatizazioen ondorioak “larriak” direla salatu dute: “2008an Zerbitzu Sozialen Euskal Legea onartu, eta 2016an zehaztapen berri bat atera zen. Bertan, adinekoen egoitza edo eguneko zentroetan leku bat lortzea edota etxeko laguntza eskuratzea herritar guztion eskubidea dela jasotzen zen. Azken urteotako bilakaera aztertuta, ez da legea betetzen. Pribatizazioaren ondorioak larriak dira erabiltzaile eta langileentzat”.
Azpimarratu dutenez, 65 urtetik gorako pertsonen artean, “gutxiengo bat” dago adinekoen egoitzetan: “Orduan, non daude besteak? Etxean. Baina osasuntsu edota menpekotasun egoeran dauden kontuan hartu barik”. Hori kontutan hartuta, osasun krisiak lehendik zegoen zaintza krisia “azeleratu eta ikusgarriago bilakatu” baino ez duela egin diote: “Arazoa estrukturala da. Pandemiaren errealitate gordinaren ondorioz, 2020aren amaierarako, Hego Euskal Herriko nagusien egoitzetan 1.504 hildako egon ziren. Epe horretan hil direnen %30”.
Hori horrela, eredu pribatuaren kontra egin eta zaintza eredu berri bat eraikitzearen beharra berretsi dute, “oinarri eta irizpide bakar gisa zaintzak behar dituzten pertsonak zein zaintza horiek bermatzen dituzten pertsonak izanik haien funtsezko ardatza”.