Bermeoko Haurreskolan egindako lanak amaitu ditu udalak
Hezetasun arazoak zituenez, horiek konpontzeko lanak egin dituzte. Gainera, eraikinaren kanpoko aldea hobetzeko lanak ere egin dituzte.
Bermeoko Haurreskolako lanak amaitutzat eman dituzte. Hezetasun arazoak zituen eraikinak eta horiek konpontzeko lanak egiteaz gain, eraikinaren kanpoko aldean ere hobetze lanak egin dituztela azaldu dute Bermeoko Udaletik.
Gogora ekarri dutenez, Rikardo de Bastidak egin zuen eraikina 1929an: “Euskal Herriko arkitektura garaikideko art decoaren lan gorenekoetariko bat da”. Hezetasunekin arazoak zituen eraikinak, horregatik, udalak lanak egitea erabaki zuen. Hortaz, azaldu dutenez, iragazgaitze lanak egin dituzte teilatuan, eta iparraldera ematen duen horma ere konpondu dute. Halaber, eraikin osoa margotu dute eta kanpoko itxura hobetze aldera, eraikinarekin bat ez zetozen zenbait elementu kendu dituzte. Gainera, terraza biak berriztu dituzte.
Lanak aprobetxatu dituzte zorroten berriak eraikitzeko eta euri eurak bideratzeko. Iparraldeko aldean, bestalde, drainatze lanak egin dituzte futbol zelaitik zetorren hezetasuna konpondu asmoz.
“Bermeok eraikin eder asko ditu eta herriko haurreskola hauetako bat da, zalantzaarik barik. Beste garai bateko altxorra dela esango nuke. Lan hauek bideratu behar ziren eta ahalegin handia egin da ahalik eta egoera hoberenean uzteko eta eskaintzen diren zerbitzuak bermatzeko. Bertako erabiltzaileek lan hauek asko nabarituko dituzte. Gure helburu estrategikoetako bat da bizitzeko atsegina izango den Bermeo baten alde egitea eta, obra hauei esker, helburu horretan urrats bat gehiago eman dugu”, adierazi du Bermeoko alkate Aritz Abaroak.
Lan horiek egiteko Bermeoko Udalak 256.397,97 euro (BEZa barne) bideratu ditu.