Basurdeak garaipenagaz eta lidergoagaz bueltatu dira Hernanitik
Ohorezko B Mailan, Gernika Rugby Taldeak 12-28 irabazi dio Hernani CREri. Gipuzkoako taldearekiko lau puntuko aldea dauka orain talde gernikarrak.
Ohorezko B Mailaren A multzoan lidergoa zegoen jokoan Landare Tokin, zapatuan, 39na puntugaz berdinduta baitzeuden Gernika eta Hernani. Talde gernikarra 12-28 nagusitu zitzaion etxeko taldeari, eta hortaz, lau puntuko aldeagaz multzoko lehenengoa da.
Basurdeek aurreikusi zezaketen norgehiagoka gogorra izango zutela, besteak beste Hernani aurreko denboraldian Ohorezko Mailan lehiatu zen taldea delako. Talde trebatua da, eta nahi duen jokoa plazaratzea lortzen duena. Hala ere, gernikarrak fidakor ailegatu ziren Hernanira, neurketa prestatze prozesuan egindako lan nekezak emaitza ona ekarriko ziela sinistuta. Partidu gogorra izan zen, baina gernikarrek gogor eutsi zieten hernaniarrari, bereziki meleetan. “Orain arteko partidurik garrantzitsuena izan zen. Hernani talde oso indartsua da, eta partidua oso gogorra izan zen. Gu oso ondo hasi ginen, eta bigarren zatian eurak apur bat gorantza etorri ziren. Garaipena Gernikara ekarri dugu”, azaldu du Eduardo Maidagan Gernika RTren entrenatzaileak.
Gernikaren jokalariak kontzentratuta zelairatu ziren, egiteko zuten lanean buru-belarri aritzeko intentzioagaz. Neurketa hasi eta segituan, Siyabonga Masukuk zigor-ostiko on bat egitea lortu zuenez, gernikarrak markagailuan aurretik jarri ziren. Hurrengo hamar minutuetan beste bi zigor-ostikoz baliatuta, markagailuko aldea handitu zuten (0-9).
Atsedenaldira heltzeko gutxi falta zenean egin zuten lehen entsegua basurdeek. Fagu Malloyk eskuratu zuen (40. min). Siyabonga Masukuren entsegu-gauzatzeagaz, 0-16ko markagailuagaz amaitu zuten lehenengo zatia.
Lehiari berriro ekitean, Hernaniko jokalariek aurrerapauso bat eman zuten; euren jokoa ezartzeko ahaleginean aritu ziren. Bigarren zatiko lehen hamar minutuak pasatuta, Fagu Malloy basurdeak txartel horia ikusi zuen, epaileak joko desleiala egotzi zion. Orduan, zelaian bat gehiago izatearen abantaila aprobetxatu zuten etxekoek, eta euren lehen entsegua egin zuten. Iker Carbajok egin zuen (7-16).
Berriro ere bi taldeak hamabosna jokalarigaz zeudela heldu zen gernikarren erantzuna. Estanislao Renthelek egin zuen Gernikaren bigarren entsegua, eta entsegu-gauzatzea ere lortu zuen. Hurrengo minutuetan estutu egin zen neurketa. Entseguak lortzeko helburuagaz lanean segitu zuten bi taldeek.
Partidua amaitzeko hiru minutu falta zirenean, Eneko Gorostiza basurdeak entsegua gauzatu zuen. Gero, markagailuan arauzko denbora bete zenean, Albertus de Bod jokalariak txartel horia ikusi zuen. Berriro ere berdegunean jokalari bat gehiagogaz zegoenean Hernanik entsegu batekin erantzun zuen. Jose Luciano Abeciak eskuratu zuen etxekoen azken entsegua.
Urbietan. Asteburu honetan, Gernika Rugby Taldeak Campus Universitario Ourense RC hartuko du Urbietan. Domekakoa ere “partidu gogorra” izatea aurreikusten dutela dio Gernika RTren entrenatzaileak, eta helburua garaipena lortzea dela: “Urbietan jokatzen dugu, eta etxean ezin dugu hutsik egin. Ez da partidu erraza izango. Baina, etxean jokatzeak indarra ematen digu”, zehaztu du Maidaganek.
Asteburu honetan jokatu ondoren, bi asteko atsedenaldia daukate. Otsailaren 20an Iruñean lehiatuko dira La Unica RTren kontra. “Iruñeako taldea azken doa, baina han ere irabazi egin beharko dugu”, nabarmendu du. Liga erregularreko azken aurreko neurketa izango da, eta atseden txiki baten ostean, ligaren bigarren itzuliari ekingo diote sailkapeneko lehenengo seirek. “Hor ikusiko dugu noraino heltzeko gai garen. Bigarren itzulian ahalik eta garaipen gehien lortzea izango da helburua”.