Udalerria itxi zenetik, Bermeoko Udaltzaingoak 14 salaketa jarri ditu
Salaketa gehienak herritik justifikatu gabeko arrazoiengatik irtetzeagatik edo sartzeagatik jarri dituzte. Hala ere, ostalari bati ere salaketa jarri diote, "taberna barruan, arau guztiak apurtuz, edariak zerbitzatzeagatik".
100.000 biztanleko 14 eguneko 500eko tasa metatu gainditzen duenez, Bermeok bere mugak itxita dauzka urtarrilaren 15etik; hau da, ezin daiteke herritik irten ez sartu, justifikatu barik. Hala, ordutik, Bermeoko Udaltzaingoak 14 salaketa jarri dituela jakitera eman dute.
Aipatu dutenez, salaketa gehienak errepideetan ezarritako kontroletan jarri dituzte. Aipatu kontrolak beti egiten dituzte Ertzaintzarekin koordinatuta. Herriko puntu ezberdinetan ibilgailuen kontrolak egiteaz gain, garraio publikoan joaten eta etortzen diren pertsonen kontrola ere egiten dutela zehaztu dute. Helburua bera da: “Legea betetzen dela ziurtatzea, eta gainera, herritarrei laguntza eskaintzea izan ditzaketen zalantzak argituz eta beharrizanei erantzunez”.
Mota ezberdinetako salaketak jarri dituztela esan dute. Gehienak, hala ere, herritik justifikatu gabeko arrazoiengatik irtetzeagatik edo sartzeagatik jarri dituzte, bederatzi, hain zuzen ere. Baimenduta dagoen ordutegitik kanpo kalean egoteagatik ere pertsona bati isuna jarri diote kontroletako batean, eta beste pertsona bat erretzeagatik salatu du, “ezarritako bi metroko distantzia ez zuelako gorde ibilgailuaren barruan”. Azkenik, udaltzaingoek beste bi salaketa jarri dituzte musukoa ez erabiltzeagatik edo behar bezala jarrita ez edukitzeagatik.
Era berean, ostalari bati ere salaketa jarri diotela azaldu dute, “taberna barruan, arau guztiak apurtuz, edariak zerbitzatzeagatik”.
“Legea garbia da. Herritik ezin daiteke sartu edo atera behar bezalako justifikaziorik gabe. Lehen egunetan herritarrak informatu genituen, neurria berria zelako eta herritar batzuk zalantzak zituztelako, baina jarraian hasi ginen legea betearazten. Herritarrek ulertu behar dute alarma gorria egoeran gaudela eta guztion osasuna bermatzeko, behar-beharrezkoa dela ezarritako neurriak betetzea”, azaldu du Bermeoko udaltzainburuorde Aritz Floresek.