Udalerri guztiak itxita, astelehenetik aurrera
Bilerak gehienez lau pertsonatara mugatzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak. Neurriok astelehenean jarriko dira indarrean. Gainerako neurriek ere indarrean jarraituko dute. Azken orduetan, 20 kasu positibo atzeman dituzte eskualdean.
Eusko Jaurlaritzak COVID-19aren zabaltzea gelditzeko neurri zorrotzagoak iragarri ditu gaur. Hala, udalerri guztien itxiera prerimetrala ezarriko du, eta pertsonen arteko bilerak gehienez lau pertsonatara mugatzea erabaki du; bizikidetza unitate bereko lagunak dira salbuespena. Neurri horiek astelehenean sartuko dira indarrean.
Bi neurri berriekin, mugikortasuna “are gehiago murriztea” eta gizarte harremanak eremu publiko zein pribatuan “gehiago murriztea” bilatu dutela azaldu du Gotzone Sagardui osasun sailburuak.
Establezimenduen itxiera ordua 19:00etara aurreratzeko aukera, berriz, ez dute onartu. Jaurlaritzaren iritziz, neurri hori etxeratze ordua 20:00etara aurreratzearekin lotua dago. Neurri hori ezartzeko, baina, 926/2020 Errege Dekretua aldatu beharko lukete, eta Salvador Illa Espainiako Osasun ministroa horren kontra agertu zen. Hori horrela, establezimenduak 20:00etara arte egongo dira irekita, eta etxeratze agindua 22:00etan mantenduko da.
Gainerako neurriek ere indarrean jarraituko dute. Merkataritza eta kultura jarduerak 21:00etan amaitu beharko dira. Merkataritza establezimenduetako edukierari dagokionez, 150 metro koadro baino gehiago duten dendetan %40koa izango da eta, metro koadro gutxiago dituztenetan, berriz, %60koa. Edukiera murriztuak era guztietako kultura- eta gizarte-ekitaldietarako dira.
LABIren Aholku Batzordeak duela aste batzuetatik indarrean dauden murrizketei eutsi behar zaiela ondorioztatu du gaur. Hala, azken hamalau egunetan 100.000 biztanleko 500 kasuen muga gainditzen duten 5.000 biztanletik gorako herrietan ostalaritza establezimenduen itxiera mantenduko dute; hoteletako jantokietan, bezeroentzako ostatuetan, gasolindegietan eta zerbitzuguneetako jantokietan salbu. Gainera, herri eta hiri horietan, taldeko kirola bertan behera geratuko da, profesionalen eta erdi-profesionalen kasuan izan ezik, eta kalean gehienez binaka egin ahalko dira kirol jarduerak.
“Ziurgabetasuna”. Gaur emandako datuen arabera, Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako batez bestekoak 500eko muga gainditu du. “Ziurgabetasunak markatzen du egoera. Horregatik jarraitzen dugu aztertzen eta aurreikusten, egunez egun, interakzio soziala murrizteko neurri berriak hartu behar ditugun edo ez”, azaldu du Sagarduik.
Bilakaera epidemiologikoa “oso kezkagarria” dela dio: “Goranzko joera dagoela berretsi da, oraindik luzatu daitekeena. Ez da erlaxatzeko unea, prebentzio-ekintzan ahalik eta aurrerapen handienarekin jarduteko unea baizik”.
Busturialdeari dagokionez, azken orduetan 20 kasu positibo berri atzeman dituzte eskualdean. 10 zenbatu dituzte Bermeon, launa Gernika-Lumon eta Kortezubin eta bi Muxikan. Intzidentzia tasari erreparatuta, Gernika-Lumok 963,83ko intzidentzia tasa du, eta 881,14koa da Bermeokoa.
Gaurtik, gainera, Busturialdean zazpi herri daude itxita: Ajangiz, Bermeo, Forua, Murueta, Muxika, Mundaka eta Gernika-Lumo.