Suhiltzaileek belaunaldi berriko hiru ibilgailu izango dituzte Gernikan
Aldundiak Bizkaiko Suhiltzaileen ibilgailuen flotaren %25 berritu du, eta belaunaldi berriko 15 ibilgailu emango dizkio zerbitzuari. Horietako hiru egongo dira Gernikako suhiltzaile etxean.
Belaunaldi berriko hiri-autoponpa astun bat, beste autoponpa ama astun bat eta trepetxu-furgoi bat izango dute Gernikako suhiltzaile-etxean. Izan ere, Bizkaiko Foru Aldundiko prebentzio, suhiltzaile eta salbamendu zerbitzuak azken belaunaldiko 15 ibilgailu berri erosi ditu, lurraldeko suhiltaile-etxeetara eramateko; guztira, sei hiri-autoponpa astun, hiru autoponpa ama astun (zisternak), hiru trepetxu-furgoi eta hiru autoeskailera automatiko erosi ditu. Esku-hartzeetan eraginkortasuna eta arintasuna hobetzea da asmoa.
Hain zuzen ere, foru erakundeak 7.126.900 euro inbertitu ditu ibilgailu horiek eta duela hilabete batzuk martxan dauden beste bost aginterako lur orotako ibilgailuak eskuratzeko. Erosketa horiekin, suhiltzaileen flotaren %25 berritu dute, Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzua sendotuz eta zerbitzuari azken belaunaldiko tresnak berriak emanez.
Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak erreferentziazko zerbitzua izateko beste aurrerapauso bat eman dutela nabarmendu du: “Europan erreferentziazko zerbitzua izatera iristeko beste aurrerapauso bat eman dugu. Orain arte ez da inoiz berritze hain garrantzitsurik egin. Eguneraketa honi esker, gure flota gehiena oso modernoa izango da. Zehazki, horixe behar du Bizkaiko pertsonentzako eta Bizkaiarentzako funtsezkoa den zerbitzu batek”.
Otsailaren 8tik aurrerakalean zerbitzua ematen hasiko dira ibilgailu berriak. Aurretik, baina, datozen asteetan, Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuko langileek prestakuntza jasoko dute, eta autoponpa, zisterna, autoeskailera eta trepetxu-furgoi berriak maneiatzen ikasteko maniobrak egingo dituzte.
Ibilgailu berrien ezaugarriak. Hiri-ponpa astunek 4×4 trakzioa eta 4.200 litroko ur-edukiera eta 200 litroko apar-edukiera dituzte. Ibilgailuetan funtsezko bi hobekuntza egin dituzte lan-arriskuak saihesteko. Sabaiko kutxa egokituak egokitu dituzte, lurretik eta kamioira igo beharrik gabe iristeko eta bertatik esku-hartzea garatzeko beharrezkoak diren tresnak hartu ahal izateko. Beste alde batetik, LED argiak dituen haga bat jarri dute argiteria osagarria beharrezkoa den jarduketetarako. Material horiei esker, hiriko suteetan lan-prozedurak eguneratu ahal izango dira. Bestalde, sabaian minutuko 4.000 litroko emaria eskaintzen duen monitore bat izango dute.
Autoponpa amek hiri-autoponpen antzeko ezaugarriak dituzte. Alabaina, edukiera handiagoa dute, bai uraren kasuan (9.000 litro) zein aparraren kasuan (300 litro).
Horiez gainera, trepetxu furgoi bat helduko da Gernikara. Furgoi horietan egindako hobekuntza nagusia da bateria askatzeko azken belaunaldiko ekipamendua duela; hala, aurrekoak baino furgoi autonomoagoak eta seguruagoak dira. Argiteria-ekipamendu guztia LED motakoa dute, eta, autoponpen kasuan bezala, sabaiko kutxa egokitua dute, lurretik irisgarria izateko.
Ibilgailu berri horiek orain arte erabiliak izan diren batzuk ordezkatuko dituzte, eta ordezkatuko diren ibilgailuek askotariko erabilerak izango dituzte: bigarren irteerako edo erreserbako ibilgailu gisa, esaterako. Era berean, horietako batzuk foru-erakundearekin hitzarmen bat sinatu duten Babes Zibileko taldeei utzi ahal izango dizkiete; horien artean daude Bermeoko Herri Babesa eta Ispasterko prestakuntza gunea. Hala ere, behin betiko baja emango zaie horietako askori.
Giza baliabideak eta baliabide materialak
Bizkaiko Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzua hauek osatzen dute: eskualde guztietan banatuta dauden suhiltzaile profesionalen zortzi etxek eta Babes Zibileko bost boluntario taldek; baita Ispasterko prestakuntza-gune batek ere.
Giza baliabideei dagokienez, 429 pertsonako lan taldea dauka aldundiak, eta baliabide materialei dagokienez, gaur egun, 94 ibilgailu eta 4 atoi dauzka.
Era berean, Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaiko larrialdiak kudeatzeko Bizkaia Prest zentro integrala jarri zuen martxan duela bi urte. Zentroak komunikazio-arloko azken aurrerapen teknologikoak dauzka, eta, hari esker, foru-mailan gertatzen diren larrialdien abisuak puntu bakar batean jasotzen dira. Puntu horretan koordinatzen dira baliabide guztiak –giza baliabideak eta baliabide materialak–, erantzun eraginkorra eman ahal izateko eguneko 24 orduetan. Martxan jarri zenetik, 12.000 gorabehera baino gehiago zuzendu dituzte.