"Zergak ordaintzeko lanean gabiltza, ez gara soldata bat irabaztera heltzen"
Irudi pertsonalaren sektoreko langileek BEZa %21etik %10era jaisteko eskatzen jarraitzen dute. Atzo Bilbon egin duten protestan egon ziren Busturialdekoak, euren lan baldintzak hobetzeko eskatzen.
Gernika-Lumoko irudi pertsonalaren sektoreko langileek BEZa %21etik %10era jaisteko eskatzen jarraitzen dute. 2012an, “bat-batean”, BEZa %8tik %21era igo zieten, eta horrek “sekulako kalteak” eragin dizkiela dio Sorkunde Ordorika udalerriko ile-apaintzaileetako batek. Krisi horri, orain, COVID-19aren krisia batu zaio.
Irudi pertsonalaren sektoreko langileek bizi duten egoera “oso txarra” dela dio Ordorikak. Hori horrela, atzo Bilbon egin zuten protestan egon ziren Busturialdekoak, euren lan baldintzak hobetzeko eskatzen.
Beharrezko zerbitzua da zuena, eta %21eko BEZa duzue.
Beharrezko zerbitzua garenez, logikoena BEZa %10era jaistea dela uste dugu sektoreko langileek, eta hori lortzeko borrokan gabiltza. Aurrerantzean ere borrokatzen jarraitzeko asmoa daukagu.
Zergatik da beharrezkoa zuen sektorearen lana?
Ile-apaindegi eta estetika zentroen funtzioa oso garrantzitsua da osasunerako. Nagusientzako beharrezko zerbitzua da, osasuna da eurentzako, garbitasuna izatea. Norberaren autoestima bultzatzeko ere garrantzitsua da. Gaur egungo egoeragaz nork bere burua ispiluan txarto ikusten badu, egoera okertzen eta autoestima jaisten da. Jendea oso txarto pasatzen ari da.
Zein da sektorearen egoera gaur egun?
Gure egoera oso-oso txarra da. Ezin dira ile-apaindegietako prezioak behar diren beste igo, gizartearen ekonomia ez dagoelako horretarako. Eta gu zerga guztiak ordaintzeko lanean gabiltza, ez gara soldata bat irabaztera heltzen. Autonomoen kuota igo egin dute, BEZa %21ean daukagu, argia eta uraren zergak ere igo egin dituzte, eta gure prezioak izoztuta daude. Gure irabaziak zergak ordaintzeko bakarrik dira. Tabernek, jatetxeek eta antzerkiek ez dute horrelako BEZik.
BEZa jaitsita zuen egoera hobetu egingo litzateke?
Bai, asko gainera. Koronabirusaren gaitza pasatzen denean egoera hobetuko dela pentsatzen dugu. Baina gaur egun oso gaizki gabiltza. Adineko bezeroetan nabaritzen da gehien. Nik neuk, lehen, adineko pertsonekin goizak erdi-beteta izaten nituen, eta orain tantaka datoz. Beldur dira, eta normala da hori.
BEZa ez jaistearen arrazoirik jaso duzue agintarien aldetik?
Ez, ez dugu erantzunik izan. Itxaroten gabiltza. Gaur irudi pertsonalaren sektoreko elkarteetako ordezkariak aldundiagaz batzartu dira, baina momentuz ez daukagu erantzunik.
COVID-19a dela-eta, aldaketak egin dituzue ile-apaindegietan eta ez duzue laguntzarik jaso.
Ez, ez dugu laguntzarik jaso. Inbertsio handia egin genuen egoerara egokitzeko, eta oraindik ere egiten dugu. Izan ere, guk jarraitu behar dugu ile-apaindegia egunero-egunero desinfektatzen, erremintak eta eserlekuak ere bezero bakoitzagaz garbitzen, eta ez dugu laguntzarik jaso.
Ile-apaindegi eta estetika enpresen federazioak ohartarazi du neurririk hartu ezean Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako hamar establezimendutik seik itxi egingo dutela. Beldur zarete?
Hainbeste eta hainbeste ile-apaindegi zarratzen dabiltza Euskal Herrian zein Gernika-Lumon. Kristoren beldurra daukagu. Nire lagun batzuek euren ile-apaindegia itxi behar izan dute eta hurrengoak gu izan gaitezke. Gernika-Lumo ez dago ondo ekonomikoki. Herria itxi dute, eta egoera oso txarra da. Nik ile-apaindegia tabernen ondoan daukat, eta eurek zarratzen dutenean guk ere nabaritzen dugu hori. Kate bat da dena.