Pauso izugarria emanda, biharkoaren zain
Eurokoparen gaurko partiduan Lointek Gernika Bizkaiak 50-57 irabazi dio Flammes Carolo talde frantziarrari. Taldekako fasean lehiatutako bi partiduetan nagusitu da, eta bihar gauean jokatuko du hirugarren eta azken neurketa Teneriferen kontra.
Bitik bi garaipen, eta hirugarrenaren bila kantxaratuko da bihar Lointek Gernika Bizkaia. Eurokoparen taldekako fasearen bigarren partidua gaur arratsaldean lehiatu du Flammes Carolo talde frantziarraren kontra, eta 50-57 nagusitu da talde gernikarra. Teneriferen kontra jokatuko du bihar hirugarren eta azken neurketa, 21:00etatik aurrera (ETB 4n zuzenean eskainiko dute). Irabaziz gero, multzoko lehenengoa geratuko da.
Ustez F multzoko buru geratzeko faboritoa zen Carolo mendean hartzea ez da edonolako marka. Aurkari gogorrari aurre egiteko maila izugarria eman du. Lointekeko jokalariak momentu zailenetan markagailua iraultzeko gai izan dira arratsaldean, eta ekinaren ekinez, garaipena eskuratu dute. Behetik gora joan da hasieran. 2-10 galtzen joanda, Mario Lopezek hutsartea eskatu du, eta ostean, 0-10eko partziala lortu dute. 15-18 aurretik amaitu dute lehen laurdena. Atsedenaldira, ostera, lau puntuko abantailagaz joan dira frantziarrak (35-31). Lehen zatian Frantziako taldearen defentsak estu hartu ditu Lointekeko jokalariak. Hirugarren laurdenean, zonakako defentsagaz neurketa bideratu du talde granateak. Azken laurdenean, Carolo hiru puntura jartzean sufritu dute Lointekekoek, baina ondo eutsi diote.
Nortasuna erakutsi du Gernika-Lumoko taldeak, bai eta planteamendu ona eginda zeukatela ere. Defentsa lan sendoa giltzarria izan da irabazteko. Dinamika onean sartuta aritu direnetan, baloiaren mugimendu azkarra eta zehatza erakutsi dute. Errebotearen zainketan ere asmatu dute. Oro har, martitzeneko partiduan bezala, talde lan indartsuak emandako garaipena izan da gaurkoa ere. Partidu izugarria egin dute; taldea hasieratik kontzentratuta ikusi da. Zenbait unetan defentsan zein erasoan arazoak eduki dituzte, baina momentu latzetatik onik irten dira jokalariak. Izan ere, egoera horien aurrean, talde lanean oinarrituta, erantzun ezin hobea eman die.
Nadia Colhado eta Belen Arrojo, zein bere lanean bikain aritu dira gaur. 20 puntu eta 15 errebotegaz pibot brasildarra nabarmendu da kantxan; 35 puntuko balorazioa jaso du. Partidu borobila egin du; denboraldiko bere partidurik onena izan da. Andaluziarrak ere asko eman dio taldeari beste behin, atzealdean, baloia berreskuratzen eta ukitzen. Leku guztietan agertu da laguntzen. Taldea norabide zuzenean gidatu du. Bere hegaleko posizioan aritu denean, taldeak bere mailarik onena eman du. Orkatileko arazoak gaindituta, Roso Buch jokalari katalana ere bere ohiko mailan aritu da, seguru eta eraginkor. Bere ekarpena oso garrantzitsua izan da.