Osasun publikoa indartzeko eskatu dute berriz ere
Bizkaiko ospitale eta lehen arretako zentroetan elkarretaratzeak egin dituzte gaur.
Osakidetzan ordezkaritza duten sindikatu guztiek deituta, (SATSE, ELA, SME, LAB, CCOO, UGT, ESK, SAE, UTESE) Bizkaiko Lehen Arretan eta Osakidetzako ospitaleetan elkarretaratzeak egin dituzte gaur; 11:00etan egin dituzte elkarretaratzeak ospitaleetan, eta 13:00etan Lehen Arretako zentroetan.
Hala, beste behin ere, osasungintza publikoaren aldeko aldarriak atera dituzte kalera, “Osasun Sailak daukan negoziatzeko borondate eza ikusita”. Modu horretan, iaz hasitako mobilizazio dinamikarekin aurrera jarraitzen dutela esan dute sindikatuetako ordezkariek. Hala, gaur elkarretaratzeak egin dituzte eta hilaren 28rako (eguena) greba deitu dute. Osakidetzako lantalde osoari zuzendutako greba dela diote.
Hain zuzen ere, osasun publikoak bizi duen “egoera larria” salatzeko mobilizazioak dira egiten ari direnak. Era berean, Osasun Sailaren “negoziatzeko borondate eza ere salatzen dute, eta “benetazko negoziazioa eta berehalako eta benetazko irtenbideak” eskatzen dituzte.