Herriko zortzi jolaslekutan hobekuntzak egingo dituzte
Otsailaren erdialderako lamak amaituta egotea aurreikusten dute.
Bermeoko Udaletik jakitera eman dutenez, datozen asteetan hobekuntza lanak egingo dituzte herriko hainbat jolaslekutan. Hain zuzen ere, zortzi jolaslekutan egingo dituzte hobekuntzak: Tala, Jose Antonio Erauzkin enparantza (Izarra), Artika bidea, Lamera, Almika, Adubidxe, Eskola Publikoa eta Haurtzaindegia (Benito Barrueta).
Bermeoko Udalak 22.149,05 euro inbertituko ditu lan horiek egiteko. Azaldu dutenez, otsailaren erdialderako lan horiek guztiak amaituta egotea aurreikusten dute.
Jakinarazi dutenez, kasu batzuetan jolaslekuetako elementuak kendu eta berriak jarriko dituzte, Talan, esaterako. Beste batzuetan, berriz, apurtuta dauden elementuak aldatu eta konponketa txikiak egingo dituzte. Zenbait gunetan lur berria ere jarriko dute, eta guztietan, garbiketa lan bereziak eta saneamenduak egingo dituzte, “parke guztiak ahalik-eta egoera hoberenean egon daitezen”.
“Bizitzeko atsegina den Bermeo bat gura baldin badugu, gure herriko instalazioetan hobekuntzak egin behar ditugu pixkanaka. Askotan ez dute zertan aldaketa handiak izan behar, baina ditugunak ondo zaintzea behar-beharrezkoa dela argi dugu. Horregatik egingo ditugu hobekuntza lan hauek herriko jolasleku hauetan. Kasu batzuetan hobekuntza txikiak izango dira, beharbada oharkabean pasako direnak, eta, beste batzuetan, aldaketa nabarmenagoa izango da. Hala ere, guztion konpromisoa beharrezkoa da parke hauek luzerako irautea gura baldin badugu. Guztion ardura da herriko instalazioak behar bezala erabiltzea eta horik zaintzea”, azaldu du Bermeoko alkate Aritz Abaroak.
Era berean, alkateak gogorarazi du, une honetan Bermeo gune gorrian dagoela, eta hortaz, jolaslekuak itxita daudela. Hala eta guztiz ere, egoerak hobera egiten duenean berriz zabalduko direla esan du. Egingo diren hobekuntzei esker, ume eta gazteek “modu egoki eta seguruagoan” disfrutatzeko aukera edukiko dutela gaineratu du.