Forua, Murueta eta Muxika ere itxiko dituzte
Bihartik aurrera zazpi izango dira Busturialdean itxita egongo diren herriak: Ajangiz, Bermeo, Forua, Murueta, Muxika, Mundaka eta Gernika-Lumo.
Gero eta gehiago dira 100.000 biztanleko 14 eguneko 500eko tasa metatua gainditzen ari diren Busturialdeko herriak. Hala, Eusko Jaurlaritzak eguerdian jakitera eman duenez, bihartik aurrera Forua, Murueta eta Muxika ere itxita egongo dira. Era berean, Ajangizek, Bermeok, Gernika-Lumok eta Mundakak ere itxita jarraituko dute.
Gaur emandako datuen arabera, azken orduetan 28 positibo atzeman dituzte Busturialdean: 13 Bermeon, 9 Gernika-Lumon, 2 Busturian eta bana, berriz, Ajangizen, Foruan, Ibarrangelun eta Muxikan.
Euskal Autonomia Erkidegoari dagokienez, 1.165 kasu positibo baieztatu ziren atzo: 622 positibo egon ziren Bizkaian, 299 Gipuzkoan eta 176 Araban. EAEtik kanpo bizi diren 18 pertsonek eman dute positibo. Jakitera eman dutenez, atzo 13.664 test diagnostiko egin zituzten. 101 pertsona dira gaitza dela-eta ZIUn daudenak.