Damaris Egurrolak hiru urteko akordioa lortu du Olympique Lyon talde frantziarragaz
Evertonegaz bi denboraldirako kontratua sinatu zuen, baina denboraldi erdia egin du Liverpool hiriko taldean.
Ingalaterrako ligatik Frantziakora jauzia eman du Damaris Egurrola Gautegiz Arteagako ezker hegaleko erdilariak. Evertonen bere lehen denboraldia izan da 2020-2021ekoa, eta denboraldi erdian taldea utzi, eta Olympique Lyon talde frantziarrak fitxatu du. 2024ko ekainaren 30a arte lortu dute akordioa. Atzo aurkeztu zuten.
Klubak zabaldutako elkarrizketan esan du munduko talderik onenaren eskaintza jasotzean, “ez zuela birritan pentsatu”, eta taldera heldu eta entrenatzaileak eskatzen diona jakiteko desiatzen zegoela. Abentura berria hau hasteko eta taldea ezagutzeko gogotsu dago. Kalitate, maila handiko jokalariak daude Lyionen, “munduko jokalari onenak”, eta eurengandik ikasteko helburua dauka. Hala, bere buruarengan konfiantza edukita, bere lekua egiteko gogor lan egin beharko du. Bere jokoagaz konfiantza badauka, den ondo joango dela deritzo.
Etapa berrirako pozarren eta prest dago Egurrola, eta Evertonentzat esker oneko berbak izan ditu. Lehen egunetik “etxean bezala” sentiarazi dutela, “seguru eta eroso” sentitu dela adierazi du. Bertan egondako hilabeteak “izugarriak” izan dira jokalari gaztearentzat, denbora gutxian gauza asko egiteko aukera izan duelako: “Talde handi honen parte izateko aukera eduki dut. Goodisonen debutatu eta Wembleyn final bat jokatu dut”. Taldekideei “onena opa diela” gaineratu du. Halaber, zaleentzako berbak ere eduki ditu. Euren aurrean jokatu ezin izan badute ere, lehen egunetik horien indarra eta babesa sentitu duela azpimarratu du.