Bizkaia Torneoaren finalaren bikoteak bihar erabakiko dira
Olatz Arrizabalagak eta Naroa Agirrek Iera Agirreren eta Arrate Bergararen kontra jokatuko dute. Gernikarrak esan du "nahikoa ondo, konfiantzagaz eta irabazteko gogoagaz" heltzen direla biharko partidura.
Bizkaia Torneoaren hirugarren eta azken jardunaldia bihar [urtarrilak 22] lehiatuko dute, eta Olatz Arrizabalaga eta Naroa Agirre Iera Agirreren eta Arrate Bergararen kontra ariko dira. Amaia Aldai-Oihana Orbegozo eta Miren Larrarte-Gentzane Aldai bikoteen artekoa izango da gaurko jardunaldiko beste partidua.
Arrizabalaga-Agirre bikotearentzat bigarren partidua da biharkoa. Lehen jardunaldian 22-13 irabazi zieten Ruiz de Infante eta Ruiz de Larramendiri.
Urtarrilaren 31n [domeka] lehiatuko dituzte finala eta hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partidua. Arrizabalagaren eta Agirreren helburua finalean sartzea da, eta horretarako, gaurko neurketa irabazi behar dute. “Nahikoa ondo, konfiantzagaz eta irabazteko gogoagaz” heltzen direla nabarmendu du Gernika-Lumoko aurrelariak: “Finalerako txartel hori lortzeko irabazi egin behar dugu bai ala bai, eta uste dut aukerak baditugula”. Aurkariak defentsa lanean ondo moldatzen direla zehaztu du: “Batez ere aurrean Iera defentsan oso ondo ibiltzen da, eta orduan, tanto bat sartzeko lan asko egin beharko dugu. Uste dut indar aldetik gu apur bat gehiago garela, eta erasoan gu gehiago garela eta hor min gehiago egingo dugula”.
Arrizabalagak eskumako eskua min hartuta eduki du, eta aste honetako jardunaldirako hori osatzea izan da gernikarraren helburua: “Biharko partidurako eskua ondo heltzea izan da helburua. %100 ez dago, baina uste dut %100 horretatik nahikoa hurbil dagoela. Lan asko egin dut eskua zaintzeko”.
Biharko partiduak ateak itxita jokatu behar dituzte, baina Bizkaia Frontoia Facebook katearen bidez emango dituzte.