Uholdeen arriskua murrizteko lanak hasi dituzte Foruan, erreka hegalean
Baldatikako errekaren bokalean egingo dituzte lanak. Ingurua naturalizatu eta zabaldu egingo dute, eta egurrezko zubi bat egingo dute paseoaren maila berean.
Uholdeen arriskua murriztu asmoz, zubi berria egiteko lanak hasi dituzte asteon, Foruan. Erreka hegalean dagoen oinezkoen paseoan egingo dute zubia, Baldatikako errekako urak Okara iristen diren gunean.
Foruko alkate Mikel Magunazelaiak azaldutakoaren arabera, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak eta Urdaibaiko Patronatuak proposatutako lana da udalerrian egingo dutena: “Herrian hainbat arazo sortzen dituen errekaren amaieran egingo dituzte lanak, Baldatikako errekaren bokalean, hain zuzen ere”.
Hala, ingurua naturalizatu eta zabaldu egingo dutela esan du Foruko alkateak: “Konporta esaten diogun tarte bat dago gune horretan, eta oso egoera txarrean zegoen. Arriskutsu zegoen, jausita baitzegoen. Kontuan eduki behar dugu, gainera, paseoa dagoela eta oinezko asko ibiltzen direla gune horretatik. Azken uholdeekin arriskua areagotzen joan da”.
Inguru horretan orain egingo duten lanekin, urari bere bidea emango diotela zehaztu du Magunazelaiak: “Hodiak kenduko dituzte, eta erreka libre geratuko da amaierako zati horretan”.
Gunea zabaldu eta egurrezko zubi bat egingo dute erreka hegaleko paseoan. Aipatu zubia gaur egungo paseoa dagoen maila berean egongo dela jakitera eman du alkateak.
Sei astez zarratuta. Lanak sei astetan amaituta egotea aurreikusi dute, eta tarte horretan bidea moztuta egongo dela gogorarazi du: “Bide horretatik Gernika-Lumotik Muruetara joan gura duenak Foruko tren geltokitik igo beharko du, eta Atxagatik bueltan bide berera jo ahalko du. Beste aukera bat da Barrutiarantza sartzea”.
154.802,05 euro balio dituzte lanok, eta Uraren Euskal Agentziak (URA) finantzatuko ditu.
Foruarrentzako lan “garrantzitsua” dela dio Magunazelaiak: “Horrenbeste burukomin ematen digun erreka horretan beste interbentzio bat egingo da. Ez du dena konponduko, baina lagundu egingo du. Era berean, segurtasuna bermatuko du; izan ere, hainbat dira erreka hegaleko paseotik ibiltzen diren oinezkoak eta txirrindulariak. Guretzat, orduan, oso berri ona da, eta pozik gaude zentzu horretan”.
Gaineratu duenez, egiteke geratuko litzateke trenaren errailen zubia zabaltzea, eta horretarako URAko zuzendari nagusiagaz batu dira. “Lan horiek ere lagunduko lukete, ezin da esan inoiz egoera %100ean konponduko litzatekeela, baina lagundu, bai lagunduko luke. Bide horretan badabiltza pausoak ematen, eta horretan gabiltza”.