Gernikako Udalak udalerrian baheketa masiboa egiteko eskatu du
"Komenigarria litzateke baheketa masibo bat egitea udalerrian, birusa sakabanatuta transmititzen ari delako", adierazi du Jose Maria Gorroño udalerriko alkateak.
Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko alkateak udalerrian koronabirusa atzemateko baheketa masiboa egiteko eskatu dio Osakidetzari, “sintomarik ez dutenak detektatzeko”.
Alkateak nabarmendu duenez, “birusa modu sakabanatuan transmititzen” ari da, eta, beraz, funtsezkoa deritzo sintomak ez dituzten herritarrak identifikatzea, aurkitzea eta arriskuak saihestea. “Komenigarria litzateke baheketa masibo bat egitea udalerrian, birusa sakabanatuta transmititzen ari delako”, adierazi du alkateak. Dioenez, sintomak dituzten pertsonak identifikatzen dituzte, “medikuarengaa doazelako”, baina sintomarik ez dutenak identifikatzea dela garrantzitsuena azpimarratu du: “Eurek jakin barik lankideei, familiei eta lagunei birusa transmititu ahal dietelako. Horiek identifikatzea garrantzitsua da arriskuak saihesteko”.
Alkateak, gainera, erantzukizunez jokatzeko deia egin die herritarrei: “Kontzientzia hartu behar dugu eta erantzukizunez jokatu. COVID-19ak min handia egin digu eta egoera honetatik ateratzeko batuta egon beharko gara”.
Gorroñok zuhurtzia eskatu du, ondorioak “izugarriak” direlako bakoitzaren osasunarentzat zein herriko ekonomiarentzat. “Herriko muga ixtearen ondorioz inork ezin du tabernetan kontsumitu, eta gu zerbitzuen herria gara. Ostalaritza itxita egon dago, eta merkataritza eta gainerako zerbitzuak ere oso kaltetuta daude”, dio alkateak.
Halaber, osasun profesionalen jarraibideak zorrotz errespetatzeko beharra azpimarratu du: “Zientzialariek beren lana egin dute, denbora eman behar da txertaketa-prozesuak aurrera egin dezan. Eta guk arduraz jokatu behar dugu, Osakidetzak ezarritako protokoloak zorrotz betez”.
Arauak errespetatuta, baina, gune gorritik lehenago irteteko aukera egongo dela dio: “Gune gorritik lehenago irteten eta perimetroko itxitura batzuk ezabatzen lagunduko luke, ekonomiaren jarduerari mesede eginez”.
Izan ere, Eusko Jaurlaritzak egunero ematen dituen datuen arabera, azken astean 117 kasu positibo atzeman dituzte udalerrian. Atzo, 26 kasu positibo berri zenbatu zituzten, eta 100.000 biztanleko 14 eguneko 500eko tasa metatuak goraka jarraitzen jarraitzen du Gernika-Lumon. Atzoko datuen arabera, 963,83ko intzidentzia dauka udalerriak; herenegun, 874,58koa zeukan.
44 kasu berri eskualdean. Guztira 44 izan dira Busturialdean erregistratutako kasu positiboak. Jaurlaritzak emandako datuen arabera, beste 12 kasu positibo berri erregistratu dituzte Bermeon, eta kostako herriko intzidentzia tasak ere gora egin du; 786,52ko tasa zuen herenegun eta 839,74koa atzo.
Beste kasu positiboak Ajangizen, Foruan, Gautegiz Arteagan, Kortezubin, Mundakan eta Muruetan zenbatu dituzte; bana herri bakoitzean.
Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, 1.046 kasu positibo baieztatu zituzten atzo: 616 positibo egon ziren Bizkaian, 298 Gipuzkoan eta 110 Araban. EAEtik kanpo bizi diren 22 pertsonek eman dute positibo. Jakitera eman dutenez, atzo 13.774 test diagnostiko egin zituzten.
Jakitera eman dutenez, 83 pertsona ospitaleratu zituzten atzo COVIDagatik, eta 97 pertsona dira gaitza dela-eta ZIUn daudenak.
Barikuan, LABIren batzarra. Iñigo Urkullu lehendakariak LABIren bilera deitu du barikurako, egungo egoera epidemiologikoa aztertzeko eta neurri berriak hartzeko. Lehendakariak hitzordua aurreratu du, bilera hori urtarrilaren 27rako aurreikusita zegoelako.