Bermeoko Arrantzaleen Museoak hitzaldi ziklo bat antolatu du
Biharko antolatu dute lehenengo hitzaldia: 'Munduko birako bizkaitarrak'.
Akurio eta Elkano 1519-1522. Bizkaitarrak Lehen Mundu Biran erakusketaren testuinguruan, Bermeoko Arrantzaleen Museoak Akurio eta Elkano: 500 urte geroago hitzaldi zikloa antolatu du.
Erakusketaren komisario Xabier Armendarizek emango ditu hitzaldiok, eta bihar eskainiko du lehenengoa: Munduko birako bizkaitarrak.
Otsailaren 18rako antolatu dute bigarrena. Orduan, Nabigazio astronomikoa edukiko du hizpide. Mairin Mitchell. Akurioren kronista izeneko hitzaldia izango da hirugarrena eta azkena; martxoaren 18rako jarri dute hitzordua.
Jakitera eman dutenez, hitzaldi guztiak 18:30ean izango dira. Edukiera mugatua denez, ezinbestekoa izango da aldez aurretik tokia erreserbatzea, 94-688 11 71 telefono zenbakira deituta edo arrantzaleenmuseoa@bizkaia.eus helbidera mezu bat bidalita. Biharko hitzaldirako lekurik ez dagoela azaldu dute.
Hitzaldiak, hala eta guztiz ere, grabatu egingo dituzte, eta egin ostean, Youtubeko Bizkaiko kanalean eskainiko dituztela jakinarazi dute.
Urtarrilean, bisita gidatu bi ere egingo dituzte. Bata zapatuan izango da, eta bestea urtarrilaren 28an (eguena). Bost lagunek baino ezin dute parte hartu, eta lekuak “beteta” daude.
Familia tailerra. Zapaturako, berriz, Matxitxakoko farola izeneko familia tailerra antolatu dute. 4 urtetik gorako umeek parte hartu ahalko dute, betiere, nagusi baten laguntzagaz. 16:30ean hasiko da tailerra. Aipatu tailerrean parte hartzeko ere ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea, eta zapatukoa beteta dago.