Naiara Diez: "Hiru partiduak irabaztera etorri gara"
Eurokoparen taldekako fasearen lehen partiduan Lointek Gernika Bizkaiak 82-67 irabazi dio Roche Vandee talde frantziarrari. Eguenean Flammes Caroloren kontra eta barikuan Teneriferen kontra lehiatuko da.
Lau egunetan hiru partidu. Horixe da aurtengo Eurokoparen lehen erronka Lointek Gernika Bizkaiarentzat. F multzoan dago, eta garaipenagaz hasi du gaur taldekako fasea; 82-67 nagusitu zaio Roche Vendee talde frantziarrari.
Eguenean Flammes Caroloren kontra (18:00) eta barikuan Teneriferen kontra (21:00) lehiatuko da.
Lehenengo partidu hau irabaztearen garrantzia nabarmendu du Naiara Diez kapitainak: “Guretzat oso garrantzitsua zen hona etortzea eta irabazi dugun moduan irabaztea. Gu hiru partiduak irabaztera etorri gara. Lehenengoa irabazi dugu, eta orain hurrengoari begira daude. Garaipena lortu ahal dugu, badakigu, erakutsi dugu zelako taldea garen. Beharbada, ezustekoa eman, eta Gernika hor goian egongo da”.
Talde lanean erakustaldia eman du gaur arratsaldean talde gernikarrak, Valentzian. “Horrela jarraitu behar dugu. Guztiok kantxara ateratzen garenean %100 ematea da garrantzitsuena. Guztiok gara garrantzitsuak. Talde hauen kontra gure defentsa indartsua izan behar da”, azpimarratu du Diezek.
Mario Lopez entrenatzaile gernikarrak emaitzaren zein taldeak egindakoaren balorazio “oso positiboa” eginez, nabarmendu du partidua “ondo hastea giltzarria izan” dela jokalariak konfiantzaz aritzeko: “Hasiera oso ona izan da, jaurtiketetan portzentai oso onak lortu ditugu. Lehen zatian erasoan bizi aritu gara”. Lanagaz eta horren fruitua diren 28 asistentziakaz “pozik eta harro” dagoela zehaztu du. Hirukoetan %60 eta biko jaurtiketetan %50 lortu ditu.
Bi taldeek jaurtiketetan asmatu dute, baina hutsegite gutxi egin ditu Lointekek, eta horrek partidu osoan aurretik mantentzeko balio izan dio. Bere bertsiorik onena emateko, serio, kontzentrazioa eta intentsitatea galdu barik eta erasoan zein defentsan sendo jokatu du talde granateak.
Atsedenaldiaren ondoren, frantziarrek defentsan indartsu izateko aldaketak egin dituzte, eta eragina eduki badu ere, talde gernikarra ondo moldatu da, eta bereari eutsi dio, maila berean jokatuz. “Egin behar genuen lana egin dugu. Agian, azken laurdenean, 20 puntuko errentagaz egon garenean gehiagoren bila joan behar izan dugu, puntuen aldea oso garrantzitsua baita hemen. Halako txapelketetan saskiratze eta minutu bakoitza oso garrantzitsua da”, esan du Lopezek.
Denboraldia hasi zutenetik jokatu duten partidu onenetakoa izan dela uste du Paula Ginzo kantabriarrak: “Aparteko motibazio eduki dugu, eta agian, horregatik. Landu dugun guztia azaleratu dugu gaur”. Eurokopan gaur debutatu du, eta hasieran apur bat urduri egon bada ere, gustura eta oso eroso sentitu dela esan du.