Irakurleen Txokoa sarean egingo dute etzi
Oliver Sacks irakasleak idatzitako 'Oaxacako egunerokoa' liburua izango dute aztergai.
Urtarrileko hirugarren eguena da etzi, eta horregaz batera dator Irakurleen Txokoa. Hilabete honetan, Oaxacako egunerokoa liburuaz ariko dira parte hartzaileak. Oliver Sacks Neurologiako irakasleak idatzitako liburua da, eta Jaione Alberdik euskaratu du.
Albert Einstein Medikuntza fakultatean eta New Yorkeko Medikuntzako unibertsitate eskolan irakaslea da Oliver Sacks. Irakaslea izateaz gain, botanika zaleen Amerikako Iratze elkarteko kidea ere bada, eta hain zuzen, haietako batzuekin Mexikon dagoen Oaxacara egindako bidaiak sortu zion zirrara azaltzen du Gaiak argitaletxeak kaleratu duen Oaxacako egunerokoa liburuan.
Koronabirusaren eraginez, Bermeo gune gorrian dago, eta hortaz udal liburutegia zarratuta dago. Udalerria gune gorrian sartzeagaz batera, Bermeoko Udalak hainbat neurri hartu zituen, eta horien artean egon zen liburutegia zarratzearena.
Hain justu, Irakurleen Txokoko parte hartzaileak udal liburutegian batzen dira hilero, oraingoan, baina ezingo dute han bildu. Hala ere, hitzordua mantentzean erabaki dute; hori bai, modu telematikoan egingo dute, zoom plataformaren bidez. Ordua, hori bai, mantendu egingo dute, eta hortaz, 18:30etik 20:00etara batuko dira. Ohi legez, Arrate Egaña idazleagaz batera landuko dituzte liburuaren nondik norakoak.
Joan den hilean Katherine Mansfield idazlearen Lorategiko festa liburua izan zuten aztergai.