Bermeo eta Mundakako baheketan herritarren %55,73k parte hartu du
10.030 PCR proba egin zituzten sei egunetan, horietatik 31 positiboak izan ziren.
Osakidetzak joan den astean Bermeon egindako baheketaren datuak eman ditu eguerdian Osasun sailburu Gotzone Sagarduik.
Jakitera eman duenez, %55,73ko parte hartzea egon zen Bermeoko baheketan. Sei egunetan, 10.030 proba egin zituzten, horietatik 31 positiboak izan ziren. Bermeo eta Mundakako 18.500 herritar inguru zeuden PCR proba egitera deituta.
Urtarrilaren 8tik 13ra bitartean egin zuten Baheketa Bermeon, Artza frontoian.
Datuak. Azken orduko datuen berri ere eman dute Gobernu Kontseilu osteko prentsaurrekoan. Hala, azken orduetan 21 positibo berri erregistratu dituzte Busturialdean: 10 Gernika-Lumon, 7 Bermeon, 2 Foruan eta bana Ajangizen eta Kortezubin.
Euskal Autonomia Erkidegoari dagokienez, 894 kasu positibo baieztatu ziren atzo: 530 positibo egon ziren Bizkaian, 227 Gipuzkoan eta 132 Araban. EAEtik kanpo bizi diren 5 pertsonek eman dute positibo. Jakitera eman dutenez, atzo 10.755 test diagnostiko egin zituzten.
gaineratu dutenez, 82 pertsona ospitaleratu zituzten atzo COVIDagatik, eta 96 pertsona dira gaitza dela-eta ZIUn daudenak.
Ajangiz, Bermeo, Gernika-Lumo eta Mundaka gune gorrian daude, eta hortaz, itxita daude.
Egoera epidemiologikoaren adierazleek “bilakaera kezkagarria” erakusten jarraitzen dutela esan du Sagarduik: “Intzidentzia tasak gora egiten jarraitzen du eta datozen egunetan joerak gora egiten jarraituko du”.
Ospitaleetan ere tentsio nabaritzen hasi dela aipatu du. “Ziurgabetasun eta arrisku testuinguru batean jarraitzen dugu. Lehentasunezkoa da arduraz jokatzen jarraitzea, birusaren transmisioa geldiarazteko, eta ahal den neurrian, murrizteko”.