Goya sarietarako bederatzi izendapen lortu ditu 'Akelarrek'
Amaia Aberasturi emakumezko aktore protagonistarik onenaren kategorian lehiatuko da. Patricia Lopez Arnaizek, Kiti Manverrek eta Candela Peñak ere jaso dute izendapena kategoria horretarako.
Goya sarietako hautagaien zerrenda jakinarazi dute gaur, eta Akelarre filmak Espainiako zinema akademiaren bederatzi izendapen lortu ditu.
Emakumezko aktore protagonistarik onenaren kategoriako izendapena eskuratu du Amaia Aberasturi Gautegiz Arteagako aktoreak. Patricia Lopez Arnaiz (Ane), Kiti Manver (El incoveniente) eta Candela Peña (La boda de Rosa) aktoreak lehiatuko dira kategoria horretan.
Sorgin ehizari buruzko filma, gainera, argazki zuzendaritzaren, zuzendaritza artistikoaren, produkzio zuzendaritzaren, jantziteriaren, makillaje eta ile apaintzearen, efektu berezien, soinuaren eta jatorrizko musikaren ataletan ere izendatu dute.
Hain zuzen, Pablo Aguero zinemagile argentinarrak zuzendutako ikus-entzunezkoa da bigarren izendatuena, Adu filmaren atzetik; Las Niñas filmak ere bederatzi hautagaitza eskuratu ditu.
Martxoaren 6an egingo dute sari banaketa ekitaldia Malagan (Espainia), “ezerk eragozten ez badu”. Modu “mugatu eta arduratsuan” egingo dutela dio Mariano Barroso Espainiako Zinema Akademiako presidenteak. Hala, sarietarako hautagaiak eta garaikurrak banatuko dituzten pertsonak baino ez dira egongo ekitaldian.