Asteburuan 110 kasu positibo berri zenbatu dituzte Busturialdean
Inzidentzia tasa metatuak gora egin du Busturialdean, eta, ondorioz, Ajangiz ere itxi dute. Ondorioz, lau dira eskualdean itxita dauden udalerriak: Ajangiz, Bermeo, Gernika-Lumo eta Mundaka.
Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, 110 izan dira Busturialdean asteburuan zenbatutako kasu positiboak. 100.000 biztanleko 14 eguneko inzidentzia tasa metatuak gora egin du Busturialdean, eta, ondorioz, Ajangiz ere itxiko dute bihartik aurrera. Hala, lau dira Busturialdean itxita dauden udalerriak: Ajangiz, Bermeo, Gernika-Lumo eta Mundaka.
Joan den astean zehaztu modura, perimetralki itxita dauden herrien zerrenda eguenean eguneratuko dute, eta orduan jakingo da barikutik aurrera zeintzuk mantenduko diren itxita eta zeintzuk ez.
5.000 biztanle baino gutxiagoko udalerriak banaka aztertzen ditu Eusko Jaurlaritzak, hori da Ajangiz eta Mundakaren kasua. Zehaztu dutenez, honakoak dira 5.000 biztanletik beherako udalerrietan zerrenda zehazteko erabitzen diren irizpideak: Azken 14 egunotan Covid-19aren kasu positiboen intzidentzia-tasa metatua udalerrian 500ekoa edo handiagoa izatea 100.000 biztanleko; azken 14 egunotan Covid-19aren kasu positiboen intzidentzia-tasa metatua udalerriari dagokion oinarrizko osasun-eremuan 500ekoa edo handiagoa izatea 100.000 biztanleko; eta udalerrian Covid-19aren kasu positiboen kopurua azken 7 egunetan 2 baino gehiago izatea.
100.000 biztanleko 14 eguneko 500eko tasa metatua gainditzen jarraitzen dute Bermeok eta Gernika-Lumok. 792,43ko intzidentzia tasa du Bermeok, eta 886,48koa Gernika-Lumok. Bi herrietan gora egin du intzidentzia tasa metatuak asteburuan, izan ere, barikuan 774,699ko tasa zuen kostako herriak eta 559,26koa hiribilduak.
Igoera hori azken egunetan zenbatutako kasu positiboetan islatzen da. Izan ere, asteburuan, eskualdeko kasu positibo gehienak Gernika-Lumon atzeman dituzte: 64. 29 kasu zenbatu zituzten barikuan, 8 zapatuan eta 27 domekan. Bermeon, berriz, 23 erregistratu dituzte asteburuan; 12 barikuan, 5 zapatuan eta 6 domekan.
Gainontzeko positiboak honako herrietan eman dira: bosna Mundakan eta Muxikan, hiruna Busturian eta Foruan, bina Morgan eta Muruetan, eta bana Ajangizen, Elantxoben eta Sukarrietan.
Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, 648 kasu positibo baieztatu zituzten atzo: 358 positibo egon ziren Bizkaian, 187 Gipuzkoan eta 90 Araban. EAEtik kanpo bizi diren 13 pertsonek eman dute positibo. Jakitera eman dutenez, atzo 7.927 test diagnostiko egin zituzten.
Jakitera eman dutenez, 40 pertsona ospitaleratu zituzten atzo COVIDagatik, eta 98 pertsona dira gaitza dela-eta ZIUn daudenak.