Undabaso kolorez betetzeko konpromisoa
Basoak berreskuratzeko lan egiten du Lurgaia fundazioak, eta martxan dituzten proiektuen artean Undabasokoa da garrantzitsuena. Udazkena berreskuratu dute.
Lurra gero eta beroago dago, tenperatura gora doa, eta uda luzatzen ari da. Udazken kolorerik ez da ia igartzen Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako basoetan, baina Undabason udazkeneko kolore gorri eta laranjak berreskuratu dituzte.
Ibarrurin dago Undabaso, eta bertan Bizkaiko haritzondorik handiena landatzeko erronka jarri du Lurgaia fundazioak. Basoak lehengoratzea dute helburu fundazioko kideek, eta, horretarako, hainbat proiektu dituzte martxan. Sergio Gallego fundazioko kideak zehaztu duenez, Euskal Herrian, Kantabrian eta Asturiasen 500 hektarea inguru ditu Lurgaiak berreskuratzeko prozesuan. Batzuek urteak daramatzate prozesu horretan, baina beste batzuk hasi berriak dira. Horien guztien artean, Undabasokoa da garrantzitsuena.
“2008an hasi ginen Undabason lanean. Bertako familia bategaz akordioa lortu genuen, eta bizpairu hektareagaz hasi ginen. Apurka-apurka gero eta lur gehiago lortu ditugu, berreskuratzeko”. Undabaso baso bihurtu gura dute, eta Gallegok dioenez, “oso garrantzitsua” da denbora eta basoaren azalera handitzea horretarako: “Orain dela urte batzuk Undabason zentratzea erabaki genuen, eta lur horretan gero eta baso handiagoa egitea”. Ahalik eta gehien handitu gura dute eremua, “infinitoraino”, mugarik barik. “Gero eta lan handiagoa egin, hobeto. Ez daukagu pentsatuta zenbat lur berreskuratuko ditugun. Baina urtero gero eta lur gehiago eskuratzea eta horiek berreskuratzea gustatuko litzaiguke”.
105 hektarea baino apur bat gehiago dituzte berreskuratzeko prozesuan. Astero aldatzen den zenbakia da, astebururo landaketak egiten baitituzte bertan. Basoko gune batzuek 12 urte dituzte, eta “nahikoa ondo” ikusten da zelakoa izan den berreskuratzeko prozesua. Beste batzuk iaz landatutakoak dira. Izan ere, urtean hainbat jardunaldi egiten dituzte Undabason. Bertako landare eta zuhaitzak landatu, lurrak zaindu eta basoaren egoera aztertzen dute, basoetako ekosistemak zaintzeko helburuagaz.
Landaketak ere egiten dituzte, eta zuhaitz edo zuhaixkak landatzen dituzte. Jardunaldi bakoitzeko 35 espezie desberdin landatzen dituzte, zuhaitz handiak (haritzak eta lizarrak, esaterako) edota zuhaixkak (basoerramuak). “Horiek landatzen ditugu, eta pistak desegin. Izan ere, mendia pistaz josita geratzen da, eta higadura handia egoten da”. Putzu txikiak ere egiten dituzte igel eta anfibioentzat.
Halaber, espezie inbaditzaileen aurka egiten dutela zehaztu du Gallegok: “Bizkaia osoan daukagun arazoetako bat da espezie inbaditzaileena. Horien kontra ere ekintzak egiten ditugu. Beti fisikoki, izan ere, ez dugu kimikorik erabiltzen”.
Jardunaldietan ez dituzte bakarrik landaketa lanak egiten. Basoen ezaugarriez ere aritzen dira, basoen ekosistemaz, alegia. “Ingurumenari buruzko hainbat kontu azaltzen ditugu. Esaterako, arrabio eta igelei buruz berba egiten dugu putzu berri bat egiten dugunean: zer gertatzen den animaliekin, zein egoeretan dauden… gauza ezberdinak azaltzen ditugu”.
Egindako lanak eman du fruitua, eta hasi zirenetik gaur egunera arte helburu asko lortu dituztela diote. “Alde batetik, udazkena berreskuratu dugu. Undabason eta Bizkaiko hainbat lekutan, ez daukagu udazkenik. Urte osoan landare eta zuhaitzek kolore berde iluna dute, pinu eta eukaliptoak daudelako. Hala, galdu egin ditugu udazkenetan horren esanguratsuak izaten diren laranja eta gorri koloreak”. Undabason, baina, egoera aldatzen ari da: “100 hektarea berreskuratzean kolore gorrixkak agertu dira, eta ikusten dira baita ere bestelako kolore eta ehundurak. Paisaje uniforme hori desagertzen hasi da dagoeneko». Errekak ere, askoz hobeto daudela diote, «ura ez baita horren marroi jaisten”.
Beste lorpenetako bat jendearen inplikazioa lortzea izan da. Izan ere, landaketa gehienak boluntarioekin egiten dituzte, eta gero eta gehiago dira jardunaldietara joateko izena ematen dutenak: “Lan gehiena eurekin egiten dugu, baina badaude bestelako lanak guk geuk edota profesionalek egiten dituztenak. Urtero gero eta jende gehiago etortzen da landaketetara. Hain zuzen, 2.000 pertsona baino gehiago dira urtean Undabasora etortzen direnak”.
Beharrezko lana
Bizkaian eta Gipuzkoan ez dago baso askorik. Baso zati batzuk parke naturaletan daude, baina txikiak dira, eta ez daude lotuta. Hala, lortu dituzten helburuak eragin handia daukatela ingurumenean nabarmendu du Gallegok. “Garrantzitsua da jendeari azaltzea eta jendeak ulertzea zertarako egiten ditugun horrelako ekintzak”.
Dagoenerako 470 bazkide dira Lurgaia fundazioan, gehienak bizkaitarrak eta gipuzkoarrak, eta euren ekarpena “ezinbestekoa” dela diote fundaziokoek.
Orain, dirua lortzen dabiltza, diru bilketak egiten euren webgunearen bitartez. “Lurrak erosi nahi ditugu baso bihurtzeko, baina ez daukagu diru nahikorik horretarako. Diru bilketen bidez, erosteko falta zaigun lurra eskuratu gura dugu. Izan ere, jasotako laguntza hori lurrak lortzeko bakarrik erabiliko dugu”.