Moriara bidaltzeko 1.650 euro batu ditu Bat ez da Gitxik
Zaporeak proiektuaren bitartez, Moriako kanpamendua erre zitzaien errefuxiatuei elkartasuna adierazi gura diete.
Bat Ez da Gitxi plataformako kideek 1.650 euro batu dituzte Gabonetako zozketan, eta bildutako diru guzti hori Zaporeak irabazi asmorik gabeko elkartera bideratu dute. Halaber, jakinarazi dute, Jon Arrienek irabazi duela zozketa eta eskuratutako 200 euroko saria ere Moriara bidaltzea erabaki duela.
Zaporeak proiektuaren bitartez, Moriako kanpamendua erre zitzaien errefuxiatuei elkartasuna adierazi gura izan diete. Izan ere, irabazi asmorik gabeko elkarteak Lesbos uharteko Moria kanpamenduan (Grezian) bizi diren migratzaileentzat janaria prestatzen du, egunero 2.000 otordu eskainiz.
Kanpamenduko errefuxiatuen egoera gogorra zen lehenago ere, baina larrialdia areagotu egin zen irailaren 9an. Gauerdian sua piztu zen Morian, eta Zaporeak elkartekoek jakinarazi dutenez, geroztik milaka pertsona daude errepidean lo, janaririk eta urik barik.