Gernika ere gune gorria izendatu dute
Gernikagaz batera, eskualdeko bi herri daude gune gorrian: Bermeo (792,43) eta Mundaka (759,63). Azken orduetan hamazazpi kasu berri zenbatu dituzte Busturialdean, gehienak Gernika-Lumon. Zazpi kasu positibo atzeman dituzte udalerrian, eta 100.000 biztanleko 14 eguneko 500eko tasa metatua gainditu du. Hain justu, 517,61eko intzidentzia tasa dauka.
Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, Gernika-Lumo gune gorrira igaro da. Azken orduetan hamazazpi kasu berri zenbatu dituzte Busturialdean, gehienak Gernika-Lumon. Zazpi kasu positibo atzeman dituzte udalerrian, eta 100.000 biztanleko 14 eguneko 500eko tasa metatua gainditu du; hain zuzen ere, 517,61eko intzidentzia tasa dauka.
Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko alkateak erantzukizunez jokatzeko deia egin die herritarrei: “Kontzientzia hartu behar dugu eta erantzukizunez jokatu. COVID-19ak min handia egin digu eta egoera honetatik ateratzeko batuta egon beharko gara. Halaber, osasun profesionalen jarraibideak zorrotz errespetatu beharko ditugu”. Hori esanda, errudunak bilatzeari uko egin dio alkateak. “Inork ez dezala pentsa gaixotasunetik libre dagoenik”, ohartarazi du.
Gorroñok zuhurtzia eskatu du, ondorioak “izugarriak” direlako bakoitzaren osasunarentzat zein herriko ekonomiarentzat. “Herriko muga ixtearen ondorioz inork ezingo du kontsumitu, eta gu zerbitzuen herria gara. Ostalaritza itxita egon beharko da, eta merkataritza eta gainerako zerbitzuak ere oso kaltetuta daude”, dio alkateak.
Gernikagaz batera, eskualdeko beste bi herri daude gune gorrian: Bermeo (792,43) eta Mundaka (759,63). Horietan, sei eta bi kasu positibo zenbatu dituzte azken orduetan. Kontuan hartu behar da, atzora arte sei urtetik gorako bermeotarrak eta mundakarrak Osakidetza Bermeoko Artza frontoian egiten ziren baheketara deituta zeudela.
Eskualdeko beste bi kasu positiboak Ajangizen eta Morgan atzeman dituzte, bana herri bakoitzean.
Hori horrela, gune gorrian dauden hiru herri horietan itxiera perimetrala ezarriko dute. Ezingo da bertatik ez sartu ez irten, ezinbesteko jardueretarako salbu. Gainera, ezingo dira taldeko kirol jarduerak egin, eta ez da eskola kirolik egongo.
“Erantzun positiboa”
Atzo gauean amaitu zen sei egun luzez Bermeoko Artza frontoian egiten ibili diren baheketa. Baheketa amaituta, Bermeoko alkate Aritz Abaroak herritarrei eskerrak emateko bideo bat zabaldu du sare sozialetatik. Bermeotarrek, beste behin ere, “modu positiboan” erantzun dutela dio: “Asko izan gara arduraz eta solidaritatez Artza frontoitik igaro garenak. Horregatik, baheketan parte hartzeko deia egin genuen moduan, eskerrak ere eman behar ditugu”.
Egun hauetan guztietan Osakidetzako langileek egindako lana aipatu gura izan du, baina ez ditu ahaztu gura izan horietan egunetan «lan nekaezina» egin duten beste hainbeste langile ere; Herri Babesako boluntarioak, udaltzainak, ertzainak, zerbitzu saileko langileak… Horien guztien lana eskertu gura izan du alkateak.
Baheketa amaitu bada ere, pandemiak hor jarraitzen duela gogorarazi gura izan du Abaroak, “ez dauzkagu datu onak”. Oraingoan, hortaz, “erantzukizunez jokatzeko” deia egin du: “Osasun eta segurtasun neurriak betetzen jarraitu behar dugu, gure etorkizuna jokoan dagoelako”. Egoera hori “aurre hartzea” lortu behar dela dio, horretarako denon “konpromisoa” beharrezkoa dela nabarmenduta.