Mundakako adinekoen egoitza aniztasun funtzionala duten pertsonentzako egokitzen ari dira
Bizkaiko Foru Aldundiak aniztasun funtzionala duten pertsonentzako 100 leku berri sortuko ditu agintaldi honetan. Hala, Mundakako adinekoen egoitzan aldaketak egiten hasi dira.
Bizkaiko Foru Aldundiak aniztasun funtzionala duten pertsonentzako 100 leku berri sortuko ditu agintaldi honetan. Sergio Murillo Gizarte Ekintzako foru diputatuak zehaztu duenez, agintaldi honetan 100 leku berri sortu gura dituzte, eta horietako 11 aurton.
Hori horrela, Mundakako Biotz Sakratu adinekoen egoitzan aldaketak egiten hasi dira, aniztasun funtzionala duten pertsonentzako lekuak egokitzeko. Gallartako adinekoen egoitza ere egokitzen hasi dira.
Murillok azaldu duenez, adineko zentroetako egungo tokiek Busturialdeko “egungo eta etorkizuneko beharrak” asetzen dituzte. Zehaztu duenez, Busturialdeak 465 toki ditu adinekoentzako baimenduta, eta 2019 urte amaieran horretatik 275 plaza zeuden okupatuta. Aldundiak dioenez, Gizarte Zerbitzuen Mapak Bizkairako proiektatzen duenagaz alderatuta, adineko pertsonentzako behar den leku kopuruaren “bikoitza baino gehiago” daude baimenduta. “Mapak erakusten duenez, Busturialdeak etorkizunean 164 plaza beharko ditu”, azaldu du Murillo foru diputatuak.
Eskualdeko adineko plazen murrizketa bat datorrela aniztasun funtzionala duten pertsonentzako toki gehiagoren beharragaz dio Murillok: “Eskualdean kolektibo horreri zuzendutako 11 leku baino ez daude. Zifra txikiak dira eta handitu egin behar ditugu”. Hala, agintaldi honetan “hiru edota lau” zentro sortzea jarri dute helburu, “unitate txikiagoagaz eta ehun toki ingurugaz”.
Mundakako zentroa GUFEren esku dago, eta horrela jarraituko du. “881 pertsonako lantalde batean egongo dan aldaketa bakarra lanpostuen zerrendan 17 aldaketa egingo direla izango da”, azaldu dute Hori horrela, GUFEk ia milioi bat euro gehiago izango ditu aurtengo aurrekontuetan, “beharginen profilak kualifikazio handiagoko profiletara egokitzeko”.
Adineko sarearen “ahultzea”. EH Bilduren eta Elkarrekin Bizkaiaren iritziz, aldaketa guzti horiek COVID-19ak eragindako “inprobisazioaren” eta Bizkaiko adinekoen sare publikoaren “ahultzearen” ondorio dira.