22 langabe kontratatu dituzte Gernika-Lumoko Udalak eta Lanbidek
55 urtetik gorako pertsonak, emakumeak, eta diru sarrerak bermatzeko errentaren hartzaileak dira kontratatu dituztenak. Lauzpabost hilabetez ariko dira lanean.
560.172,07 euroko enplegurako laguntza programa aktibatu zuen abenduan Gernika-Lumoko Ekimen Profesionalen Zentroak (Lanbide Ekimenak) Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan. Kopuru hori, besteak beste, iraupen luzeko 22 langaberen kontratazioa sustatzera bideratuta dute.
Horien artean daude 55 urtetik gorako pertsonak, emakumeak, eta diru sarrerak bermatzeko errentaren hartzaileak direnak: “Lan bazterketa jasateko arriskua duten kolektiboetako bat da 55 urtetik gorakoena eta horregatik eman diegu aukera hau”.
Pertsona horiek Lanbide Ekimenak delakoaren lan kontratu bat lortu dute, eta kontratu horri esker, mantentze eta garbiketa lanak egingo dituzte hiribilduan eta Busturialdeko gainerako udalerrietan lauzpabost hilabetez. Arduradunek zehaztu dutenez, kontratatutakoak lorezainen eta peoien lana egingo dute.
“Proposamen berri honekin, langabe egoeran zeuden eta beharrezko baldintzak bete dituztenei lagundu nahi izan zaie. Enpleguaren aldeko apustua da krisiaren erdian egin dena, orain inoiz baino gehiago babestu behar baitira garai zail hauetan okerren pasatzen ari diren kolektiboak”, azaldu du Jon Lejarraga Lanbide Ekimenak zentroaren arduradunak. Lanbide Ekimenak prestatutako enplegurako laguntza programa horretan, halaber, enpresa proiektuak sustatzeko zenbait ekintza garatzea aurreikusi dute aurten.
Iazko plana, “asmo handikoa”. Gernika-Lumoko Lanbide Ekimenen Zentroak iazko balorazioa egin du, eta “asmo handikoa” izan zela ondorioztatu du.
Hala, Euskal Enplegu Zerbitzuagaz, Lanbidegaz eta Bermeoko Behargintzagaz lankidetzan, enplegua babesteko eta enpresa ideia berriak sustatzeko 294.533,37 euro bideratu zituztela gogoratu du. Plan horren baitan, enpresa ikerketako hiru proiekturen garapena bultzatu zuten: Egurre, Formakuntza Ikerketa eta Ibili Ibilian. 112.500 euroko aurrekontua erabili zuten egurraren sektoreko enpresen lehiakortasuna sustatzeko, prestakuntza baliabideak eta beharrak aztertzeko eta Busturialdeko ibilbideak egokitzeko eta hobetzeko. Proiektu horietarako bederatzi pertsona kontratatu zituzten.
Bestalde, 182.033,37 euroko diru saila gaitu zuten Busturialdeko enpresek langileak kontratatzeko: 37 korporazio izan ziren horren onuradunak.