BI-3234 errepideko errei bat itxi dute Kanalan, oinezkoen bidea egiteko lanengatik
Semaforoen laguntzagaz, txandaka bideratzen dute ibilgailuen joan-etorria. Tarte honi dagozkion lanak apirilean amaitzea aurreikusi dute.
Ibarrangelu eta Gautegiz Arteaga oinezkoentzako bide berdeagaz lotzeko lanekin jarraitzen dute. Kanalako bide tartea egokitzen ari dira orain, eta BI-3234 errepideko errei bat itxi dute horretarako. Lanok iraun bitartean, ibilgailuek txandaka pasatu beharko dute aldiro. Bi tartetan semaforo bidez ari dira zirkulazioa bideratzen.
Tarte honi dagozkion lanak apirilean amaitzea aurreikusi dute. Lanok Ibarrangelu eta Kanala artean aurretik egindako lanen luzapenaren ondorio dira.
Eusko Jaurlaritzako ekonomiaren garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailaren mendekoa den Urdaibai Biosfera Erreserbako Zerbitzuak sustatutako proiektua da honakoa, eta helburu nagusitzat du Urdaibai Biosfera Erreserba Mugikortasun Jasangarriaren Estrategian kokatzea.
Hain zuzen, proiektuan ezarritakoaren arabera, Urdaibaiko irisgarritasuna hobetu gura dute: “Hiriguneko nahiz landa inguruneko biztanleguneetara eta Urdaibaiko kultura eta natura intereseko guneetara iriste erraztasuna hobetzea da asmoa”. Halaber, estuarioko eskun aldearen paisaia indartzea bilatu gura dute, bai eta ere intermodalitate puntu desberdinak konektatzea, “garraio publikoa sustatzeko”.
Bide tarte hori bukatzean, gaur egungo garraio pribatu masiboaren erabilera gutxituko dela diote proiektuaren sustatzaileek, baita atmosferara egiten diren BEG isuriak ere: “Horren guztiaren ondorioz, klima aldaketa arindu, eskualdeko biztanleriaren osasuna hobetu eta irisgarritasuna, konektagarritaasuna eta mugikortasuna sustatuko dira”.
Proiektuaren nondik norakoak.
Mugikortasun Jasangarriaren Estrategiak hurrengo helburu ditu: klima-aldaketa arintzea isurriak murriztuz; Urdaibai Biosfera Erreserban mugikortasun mantsoa sustatzea; oinez edo bizikletaz iritsi ahal izatea eremua osatzen duten gune guztietara; eta ekialdeko eta mendebaldeko muturrak (Elantxobe eta Matxitxako itsasargia) konektatzea.
Dagoeneko, azken urteotan, Urdaibain hainbat esku hartze osatu eta sustatu dituzte, eta oinezkoen 24 kilometro inguruko ibilbideak egokitu dituzte.
2010etik 2014ra bitartean, Oka ibaiaren goi estuarioko ondare naturalaren eta kulturalaren leheneratze integrala egiteko eta ondare horri balioa emateko proiektua landu eta garatu zuten. Horri esker, oinezkoentzako ibilbideen sare bat osatu zen, Forua eta Kortezubi lotzeko alde batetik, eta Gernika goi aldeko estuarioko udalerriekin batzeko bestetik.
2010etik 2011ra, Ibarrangeluko herrigunetik Laga hondartzara joateko bidea eraiki zuten, eta hori Laidara arte luzatu dute dagoenerako.
2014an, berriz, Kortezubiko herrigunearen eta Gautegiz Arteagako Urdaibai Bird Centerren arteko oinezkoentzako ibilbidearen proiektua idatzi zen, eta 2019an gauzatu zen.