Muruetako Udala kanposantua eta eskola berritzeko lanak egiten ari da
Kanposantuko lanak egiteko Bizkaiko Foru Aldundiaren diru laguntza jaso dute.
Lanak amaitzear daudela dio Muruetako alkate Julen Karrionek; urtea amaitu orduko edo datorren urtearen hasieran amaitzea aurreikusten dute.
Kanposantuan, hain zuzen ere, kapera berriztu dute, kanpotik zein barrutik. Era berean, horren alboan dagoen sala de autopsias izeneko eraikina ere kanpotik eta barrutik berriztu dute. Bestalde, hezurtegia “beldurgarri” zegoen alkatearen arabera: “Zegoen lekutik kendu dugu, eta horma bat mantendu dugu hezurtegia hor zegoela ikusteko. Horma hori ere zaharberritu egin da. Hezurtegia lekuz aldatu dugu eta horma-hilobiak dauden aldera mugitu dugu. Inoiz behar bada, han egongo da hezurrak gordetzeko lekua”.
Kanposantuari sarrera berri bat ere egin diote; orain, hortaz, atzeko aldetik ere sar daiteke. Eta, sarrera nagusia ere berritu egin dute. Lanen aurrekontua 45.000 euro ingurukoa da, eta horiek egiteko Bizkaiko Foru Aldundiaren 25.000 euroko diru laguntza izan dutela esan du alkateak.
Eskolan ere lanak egin dituzte. Teilatuan itoginak zeuden, hortaz, teilatua osotasunean konpondu dute. Hala, lanak aprobetxatu dituzte isolamendu lanak egiteko. Kanpotik, berriz, eraikinaren saneamendu lanak egingo dituzte, eta margotu egingo dute kanpotik zein barrutik. Karrionek jakitera eman duenez, eskolako lanen kostua 15.000 euro ingurukoa da.
Gaur egun eskola balio anitzerako espazio modura erabiltzen dute muruetarrek.