Jaioberrien liburua banatzen hasi dira
2019an jaiotako 106 bermeotar txikiek euren liburua jasoko dute etxean. Bideo bat ere egin dute, eta abenduaren 30etik aurrera egongo da ikusgai.
Aurten ez da Bermeoko jaioberrien liburua banatzeko ekitaldirik egin; hala ere, 2019an jaiotako 106 bermeotar txikiek euren liburua jasoko dute etxean. Bermeoko Udala banaketarekin hasi da. Liburuan, ohi legez, ume bakoitzaren izen-abizenak jasotzen dira, jaiotza data, bertso papera eta argazkia.
Bermeoko Udalagaz sinatuta daukaten hitzarmen baten bitartez, eskualdeko hainbat bertsolarik osatzen duten Lilibertso Bertsolarien Elkartea arduratzen da ume bakoitzari bertsoa egiteaz.
Aurten, gainera, berritasun modura, bideo labur bat ere egin dute, eta hainbat testigantza jasotzen ditu: gurasoena, bertsolariena eta 17 eta 18 urte bete dituzten bi gazterenak. Bideoa abenduaren 30etik aurrera egongo da ikusgai Bermeoko Udalaren Euskara sailaren Youtubeko kanalean.