Bermeoko Udalak babes ofizialeko 36 etxebizitza salgai jarri ditu San Martinen
Interesa daukatenek izena eman beharko dute Berualan, 2021eko urtarrilaren 31 baino lehen.
Joan den hilean San Martineko babes ofizialeko etxebizitzen auziari amaiera eman ostean, Bermeoko Udalak salgai jarri ditu bertan dauden 36 etxebizitzak, aparkaleku eta trastelekuagaz.
Bi eta hiru logelako etxebizitzak daude, eta 139.053,83 eta 158.038,62 euro bitartean jarri dituzte salgai, BEZ barne. Planoak, argazkiak eta datu zehatzagoak Bermeoko Udalaren webgunean (www.bermeo.eus) aurki daitezke, bai eta Berualan ere. Interesa daukatenek izena eman beharko dute Berualan 2021eko urtarrilaren 31 baino lehen.
36 etxebizitza horietakoren bat erosteko “derrigorrez” Etxebiden izena emanda egon beharko da. Norbaitek bertan izena emanda izango ez balu, Berualatik kudeatu ahalko du eskaria.
Babes ofizialeko etxebizitzak izanik, interesatuek zenbait baldintza bete beharko dituztela azaldu dute udal arduradunek. Hala, alde batetik, ezingo dute beste etxebizitza baten jabe izan. Bestetik, diru sarrerei dagokionez, interesatuek, gutxienez, urteko 12.000 euroko sarrerak eduki beharko dituzte, eta gehienez, 39.000 eurokoak.
Informazio gehiago gura duenak Berualan jaso ahalko du (Andra Mari kalea 22), 94-617 91 73 telefono zenbakira deituta edo beruala@bermeo.eus helbide elektronikoan.