2021ean ere adinekoak aktibo mantentzeko programa eskainiko du Bermeoko GOUPek
Zahartze aktiboa sustatzea helburu duten 'Gorputza martxan' eta 'Burua martxan' programak eskainiko dituzte; interesa daukatenek abenduaren 30a dute izena emateko azken eguna.
Bermeoko Gizarte Ongizaterako Udal Patronatuak (GOUP) zahartze aktiboa sustatzea helburu duten Gorputza martxan eta Burua martxan programak eskainiko ditu 2021ean ere. Gogora ekarri dutenez, programa horietan parte hartzea doakoa da.
Gorputza martxan eta Burua martxan programetan 55 urtetik gorako herritarrek parte hartu ahal dute. Lehenengo programaren kasuan, galera fisikoa ekidin gura da, bigarrenean, aldiz, galera kognitiboa.
Plazak mugatuak dira, eta parte hartu gura dutenek urtarrilaren 7an egingo den zozketan izena emanda eduki beharko dute. Zozketan parte hartu gura dutenek abenduaren 30a baino lehen deitu beharko dute Gizarte Ongizaterako Udal Patronatura (94-617 91 60). Azaldu dutenez, taldeetan lehentasuna izango dute 75 urte edo gehiagoko herritarrek, menpekotasun egoera gardu bat dutenek edo senitartekoren baten jagole direnek.
Indarrean dauden osasun eta segurtasun neurriengatik, taldeen antolakuntza aldatu dute. Hala, Burua martxan programan 20 pertsonek parte hartu ahalko dute, lau taldetan banatuta. Aipatu prpgraman parte hartzeko ezingo da buruko gaixotasunik eduki. Astean saio bakarra egingo dute (astelehenean edo eguaztenean) Gizarte eta Kultura Etxean, eta ordu eta erdiko saioa izango da.
Gorputza martxan programan, berriz, 40 lagunentzako lekua egongo da, eta zortzi taldetan banatuta egongo dira. Tailer horretan parte hartu gura dutenek, ezingo dute gaixotasun fisiko larririk eduki. Astean behin batuko dira Gizarte eta Kultura Etxeko Nagusien Txokoan, eta ordu bateko saioa egingo dute.