Foruko San Kristobal baselizan kristo aurreko hilarri bat aurkitu dute
Kristo aurreko garaiko hareharrizko hilarria da, 80x35x18 zentimetro dituena. Bere aurrealdean eguzkia irudikatzen duen astro-disko bat ikus daiteke. Udal agintariek diotenez, aurkikuntza horrek "berretsi" eta aberastu egiten du Foruko ondare historikoa.
Foruko San Kristobal ermitan kristo aurreko hilarri bat aurkitu dute, “balio historiko handia” duena. Foruko Udalak eta Elizbarrutiak martxan jarritako San Kristobal ermitako berriztatze lanak egin bitartean aurkitu du hilarria Mikel Magunazelaia Foruko alkateak. Udal agintariek diotenez, aurkikuntza horrek “berretsi” eta aberastu egiten du Foruko ondare historikoa.
San Kristobal ermitako estalkia eta fatxada egoera txarrean zeuden, eta zaharberritze lanak abiatu zituzten azaroan. Horretarako batzorde bat sortu zuten udal eta aldundiko kultura saileko ordezkariek, Gotzaindegiak, Eleiz Museoak, Gernikazarrak eta Ramon Gabiola izeneko arkeologia zaintzaz arduratzen den enpresak. Testuinguru horretan egindako lanak bertatik bertara jarraitu ditu alkateak, eraikina herriko historiaren eta memoriaren erreferentziazko lekua delako. “Eraikinaren eta ingurunearen baldintza bereziak eta batzordeak egindako dokumentuan jasotako esku-hartze irizpideak kontuan hartuta, arreta berezia jarri behar izan da obran, eta lanen jarraipen jarraitua egin behar izan da”, jakinarazi du Foruko Udalak.
Magunazelaiak berak egin du lan hori, baldintza guztiak betetzen direla ziurtatzeko. Udalak zehaztu duenez, bisita horietako batean dagoeneko hondatuta zegoen luzituaren “zati txiki bat” kendu zuen, argiztapenean nola eragin zezakeen ikusteko; hau da, geruza horrek ezkutatzen zuen leihotik argia sartzen zen egiaztatu gura zuen. Hala, alkateak ondorioztatu zuen aurrean zuen leihoaren ateburua ez zela edozein pieza, eta “ohiz kanpoko zerbait” bezala identifikatu zuen.
Aurkikuntzaren berri emanda, Bizkaiko Foru Aldundiko ondarearen zerbitzua ari da pieza horri buruzko txostena egiten orain. Jakinarazi dutenez, kristo aurreko garaiko hareharrizko hilarria da, 80x35x18 zentimetro dituena. Bere aurrealdean eguzkia irudikatzen duen astro-disko bat ikus daiteke. Ertz batean bi gurutze paralelo ditu, eta horiek goiko erdialdean berdinak diren beste gurutze bigaz gurutzatzen dira, perpendikularrean. “Harri sakratua” da, mendez mende zehar gurtua izan dena, eta XVI. mendeko ermitako eraikitzaile kristauek errespetatu dutena.