Azken unera arte borrokatuta
Ligaren 16. jardunaldian Lointek Gernika Bizkaiak 54-59 galdu du Valencia Basketen kontra. Aste honetan ligako bi partidu jokatuko dituzte; bihar Leonen, Bembibreren kontra, eta domekan Malosten, Gironaren kontra.
Valencia aurkari gogorra da, eta Lointek Gernika Bizkaiako jokalariek gogor borrokatu behar izan zuten zapatuan, Malosten. Etxekoei azken momentuan ihes egin zien garaipenak. 54-59 gailendu zen Valencia.
Espero bezala, bi taldeek lehia estua eduki zuten. Talde valentziarra ondo jokatzen duen talde “oso fisikoa” dela adierazi zuen Mario Lopez entrenatzaile gernikarrak: “Txarto hasi gara, eta gero nahikoa hobetu dugula uste dut. Biko jaurtiketetan ez gara ondo aritu, eta horrek eragina eduki du; azken laurdenean minutu asko egon gara punturik lortu barik”.
Partiduaren lehen minutuetan Valenciari aurre egin ezinik egon zen etxeko taldea, eta 0-8ko partzialagaz aurrea hartu zuen Valenciak. Baina, pauso bat aurrera egin eta Lointekek bere izaera erakutsi zuen. 21-16 amaitu zuten lehen laurdena, eta atsedenaldira sei puntuko errentagaz ailegatu ziren etxekoak.
Lehen zatiagaz alderatuta, hirugarren laurdenean joko arinagoa egin ahal izan zuten. Orduan egin zituzten erasoko minuturik onenak Lointekekoek, eta dozena bat puntuko errenta (44-32) lortu zutenean hutsartea eskatu zuen Ruben Burgos Valenciaren entrenatzaileak. Bost puntuko aldeagaz (48-43) sartu ziren azken laurdenean. Ez zegoen ezer erabakita. 2-14ko partziala erabakigarria izan zen, eta Valenciako Cristian Ouviñaren kalitateak erabaki zuen lehia.
Bi partidu aste honetan. Bigarren bueltako lehen partidua izan zen zapatukoa. Lopezek esan du etxetik kanpoko partiduak “irabazteko helburu argia” daukatela. “Valenciaren kontra borrokatu dugun moduan lehiatu behar gara. Oso garrantzitsua da etxetik kanpo ere ondo lehiatzea”.
Sailkapeneko bigarrenaren kontra jokatu ostean, aste honetan ligako bi partidu jokatuko dituzte. Bihar Bembibreren kontra ariko dira Leonen, eta domekan Gironaren kontra, Malosten.
Bembibrek jokoa asko hobetu duela eta, biharkoa partidu oso zaila izatea espero dutela zehaztu du entrenatzaile gernikarrak: “Aurkari oso arriskutsua izango da. Partidu serioa egiten ahalegindu behar gara, atzean sendo mantenduta. Han jokatutako partiduetan, markagailua berdinduta eduki izan dugu”. Sailkapenean azken aurreko postuan dago Leongo taldea, 18 puntugaz. Eta puntu beharrean dagoenez, etxeko partiduak irabazteak berebiziko garrantzia dauka berarentzat.
Girona, ostera, sailkapeneko hirugarrena da, 28 puntugaz, eta bi puntu gutxiago ditu Lointek laugarrenak.