Geureanbai webgunea, zerbitzuen gertuko erakusleihoa
HITZAk www.geureanbai.eus zerbitzu gida digitala sortu du. Era erraz eta sinple batean bi eskualdeetako negozio txikiei buruzko informazioa klik bakar batean kontsultatu daiteke.
Sinplea, erosoa, hurrekoa, bizia, eskuragarria, ikusgarria, dinamikoa, malgua eta erabilterreza. Hori eta gehiago da www.geureanbai.eus Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitzako zerbitzu gida berria. Berritzen jarraitzen du tokiko komunikabideak, eta beste pauso bat eman nahian, bi eskualdeetako negozio eta enpresa txikien biltegi eta erakusleiho izateko sortu du webgunea.
HITZAk beste behin ere bertokoaren aldeko apustua egin du, eta bizi dugun egoera ekonomiko zailari aurre egin nahian, tokiko ekoizle, saltoki eta enpresa txikiei keinu egin nahi izan die Geureanbai atari berriagaz. Norabide horretan, tokikoak eta hurrekoak daukana balorean jarri eta bultzatu nahi izan dute. Are gehiago, arduratsu kontsumitzeko deia egiten den garaiotan, HITZAk ideia horregaz bat egin eta beste jauzi bat eman du.
On Egin Gurean eta Lea-Artibain eta Mutrikun bizi eta erosi zerbitzu gidaren osagarri modura sortu da atari estreinatu berria. Modu horretara, papereko bi gidetako datuak modu digitalean ere kontsultatzeko aukera egongo da aurrerantzean. Webguneko bisitariek, gainera, Hitzak kaleratutako bi giden liburuxkak deskargatzeko aukera ere badaukate atarian.
Webgunearen estiloari dagokionez, argitasuna eta sinpletasuna lehenetsi dira, erabilgarriagoa bihurtzeko eta irakurlea erosoago sentitzeko. Irakurketa errazteko aukerak ere baditu webguneak; gaueko eta eguneko bertsioaren artean aukeratu ahal izango da. Gainera, gailu mota guztietara egokituta dago. Beraz, mahaiko ordenagailuan, tabletan eta telefonoan ere kontsultatu daiteke.
Tokikoak eta hurrekoak daukana balorean jarri eta bultzatzeko helburua dauka
Oso era malgu eta praktikoan nabigatu daiteke. Erabiltzaileek euren interesen arabera egin ditzazkete bilaketak, era azkar eta errazean. Eskualdeka banatuta, hainbat eratara egin daitezke bilaketak. Alde batetik, iragazki desberdinak erabili daitezke. Hitz gakoetan herria, negoziaren izena edo aktibitate mota idatzita bilaketa egingo du webguneak. Horrez gain, herrika edo jardueraren arabera ere egin daiteke bilaketa.
Bilaketa sinple bat eginda, erabiltzaileek esku-eskura izango dute bilatzen ari diren negozioaren fitxa. Bertan klikatu eta beharrezko informazio guztia kontsultatu ahal izango da, fitxan agertzen diren azalpenei esker. Eta nahi izanez gero, bertan agertzen diren negozioei buruzko informazioa partekatzeko aukera ere badago Twitter, Facebook edo WhatsApp bidez.
Etengabe hazten
Bizi eta etengabe hazten doa Geureanbai ataria. Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko ekoizle, denda eta ostalarien 200 fitxa agertzen dira momentu honetan webgunean, baina laster gehiago ere izango dira.
Norbere enpresa edo zerbitzuari buruzko informazioa webgune berrian agertzeko interesa dutenek horretarako aukera edukiko dute noiznahi. Eskabideak hainbat eratara egiteko aukera dago. Webgunean bertan dagoen Proposatu Zurea atalean sakatuta, datuak beteta egin daiteke eskabidea. Bidaltzen diren proposamenak jaso eta aztertu ondoren, sail komertzialeko arduradunak jarriko dira harremanetan.
Ohiko bideak erabilita, zuzenean ere ipini daiteke komertzialekin harremanetan. Lea-Artibai eta Mutrikuko enpresa eta zerbitzuen arduradunek publilea@hitza.eus helbide elektronikora idatzi edo 600 57 14 26 telefono zenbakira deitu dezakete. Busturialdekoek, ostera, publibusturia@hitza.eus helbidera idatzi edo 647 31 97 27 telefono zenbakira deitu dezakete.
Webgune berrian agertzeko interesa dutenek horretarako aukera edukiko dute noiznahi
HITZA atala
Bestelako atalak ere sortu dira. Erabiltzaileen eta sortzaileen arteko zubilanak egiteko, esaterako, Harremanetarako atala ere erabilgarri ipini dute webgunean. Modu horretara, eta hobetze bidean, nahi duenak iradokizunak edo proposamenak egiteko aukera ere edukiko du.
Webgunean, gainera, HITZA atal berezia ere badago. Tokiko komunikabide proiektuari buruzko azalpen txiki bat ere aurkituko dute atari berrian. Bisitariek eskualde bateko edo besteko informazioa jasotzen den HITZAren webguneetarako sarbide zuzena aurkituko dute, eta bertan Hitzakide egiteko aukera ere edukiko dute.
Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitzagaz eskuz esku lan egiten duen 11Barri diseinu eta komunikazio enpresa arduratu da Geureanbai web orrialdearen diseinuaz; hain zuzen ere, neurrira egin dute web diseinua. Gunea sortzeko eta egituratzeko idea 11Barriko lankideen artean garatu dute. 11Barrik Interneteko komunikazioa bideratzen lagundu du proiektu honetan, eta datozen hilabeteetan webgunean agertzen diren jarduerei zabalkundea emateaz ere arduratuko da.