'Ea, h-a galdu zuen...erria' kultur topaketa egingo dute abenduaren azken asteburuan
Antzerkia, musika eta poesia batzen dituen lan eszenikoa aurkeztuko dute, abenduaren 27an, eta Oskar Alegria zinema zuzendariak Ean grabatutako 'Aritzakoa' filma eskainiko dute abenduaren 26an eta 27an.
Urtea borobiltzeko kultur proposamen oparoa dakar Herrijeri Emon Arnasa Kultura Taldeak. H-a galdu duen herria kultur topaketa egin zuten iaz, eta aurten, abenduaren azkenengo astebururako Ea, h-a galdu zuen… erria izenburupean prestatu dituzte ekitaldiak.
Antzerkia, musika eta poesia batzen dituen Andrezaharraren manifestua lan eszenikoa aurkeztuko dute Mari Luz Estebanen eskutik, abenduaren 27an, 12:00etatik aurrera, Eskolondon. Esteban, Ainhoa Alberdi, Iraia Elias, Jurdana Otxoa eta Idoia Bertarbide Metrokoadroka Kolektiboko kideek osatuko dute obra.
Oskar Alegriaren ‘Aritzakoa’ filma eskainiko dute abenduaren 26an eta 27an, 18:00etan hasita, Eskolondon. Zinema zuzendariak 2020ko udako egonaldi batean Ean grabatu zuen. “Legerik gabe” egindako lana da, “argiaren bidaia eta iluntasunarena segitzen” ditu Alegriak: “Ea herrian lege zaharra ez da betetzen. Gauak ez dio lekukoa pasatzen egunari, ateak ez dira eskuz jotzen eta arbolen erroak ez daude beti lurpean”.
Doako ekitaldiak dira, eta aforo mugatua daukatenez, abenduaren 21a bitartean aurretiaz gonbidapenak eskuratu beha dira HEMEN.
Andrezaharraren manifestua ikusteko aforoa beteta dago, baina itxaron zerrendan izena eman daiteke.