Arrantza sektorea bultzatzea saritu du Enpresa Ideien Lehiaketak
Lehenengo saria jaso du ArrAIn proiektuak, adimen artifizialean eta Big Datan oinarritutako sistemagaz arrantza sektorea bultzatzea helburu duen enpresak.
Ibon Reinoso bermeotarraren eta Eneko Gonzalez eta Mikel Amuto bilbotarren ArrAIn izeneko proiektuak jaso du 3.000 euroko lehenengo saria. Busturialdeko Enpresa Ideia Lehiaketaren bigarren saria ‘N’ Espacio para eventos y alojamiento rural ideiarentzako izan da, eta lehen sektoreari buruzko ideia onenaren saria, berriz, Bertokuek enpresak jaso du. Aurten, gainera, COVID-19a eragina arintzera bideratutako enpresa onena ere saritu dute, eta DI-DA Busturialdeko Delivery Zerbitzuarentzat izan da.
Lehenengo saria jaso duen ArrAIn proiektuak arrantza sektorea bultzatu gura du, proiekzio konputazionalean, adimen artifizialean eta Big Datan oinarrituta. Reinosok aipatu duenez, gaur egun, arrantza sektorean teknika tradizionalak erabiltzen dira, zehaztasun gutxikoak: “Une honetan erabiltzen den teknika tradizionala da, oso motela eta zehaztasun gutxikoa. Guk bultzatu gura dugun sistemaren bidez, ontzi jakin batean harrapatutako espeziei buruzko informazioa zehatz eta denbora errealean monitorizatu ahalko da, arrantzatutakoa hobeto saldu ahal izateko”. Izan ere, gaur egun zehaztasun gutxikoak dira arrain kantitateari buruz egiten diren zenbaketak. Euren proiektuagaz, arrantza ontzi batean dauden arrainak sailkatu eta pisatu gura dituzte, jakiteko benetan zenbat harrapatu duten, zein espezietakoak eta zein tamainako atunak diren. “Estimaziotik zehaztaasunera igarotzea da asmoa”.
Bermeotarra da Reinoso, eta itsas sektorea babesteko ardura dutela dio: “Gure ustez, itsas sektorea babesteko ardura dugu, historikoa delako gurean. Arrantza sektorea bolada txarrean dago, eta, ondorioz, itsasotik bizi diren familia osoak arriskuan daude”.
Duela urte pare bat hasi ziren proiektuagaz. “Ikusi genuen Txinak eta Ameriketako Estatu Batuek inteligentzia artifizialean inbertsio oso handia egin zutela, eta gure apustua mundu horretan murgiltzea izan zen”. Orain arte egindako bidea gogorra izan da, baina “gustuko” dute. “Gauza asko utzi ditugu albo batera. Lanean gabiltza gelditu barik, egunero 10 orduko lan jardunaldiak egiten. Taldeak egiten duen esfortzua sekulakoa izan da”, diote. Proiektua martxan dago, eta jasotako saria euren lana egiteko “motibazioa” dela diote: “Sari hau motibazio gisa hartu dugu, aurrerantz jarraitzeko”.
Jasotako diruagaz proiektua “errealitate” bihurtu gura dute: “Behar dugun teknologia lortzeko inbertsio handia egin behar da. Guk prototipo bat egin gura dugu, eta gero hori, arrantza ontzietara eraman, betiere kalitatezko teknologiagaz. Horretarako eta gure soldatak ordaintzeko erabiliko dugu dirua”.
Dagoenerako hasi dira arrantze sektoreko enpresekin kontaktuak egiten, euren proiektua aurkezten, eta “harrera oso ona” izan dutela aitortu du Reinosok.
Busturialdeko Enpresa Ideien Lehiaketako bigarren saria ‘N’ Espacio para eventos y alojamiento rural izeneko enpresa ideiarentzat izan da, eta 2.000 euroko saria jaso dute Ania, Yaiza eta Asier Cid neba-arrebek. Ekitaldietarako eta landa ostaturako gunea sortu gura dute. Ideia euren ekitaldi enpresa propioa sortu zutenean espazio falta zegoela ikusita sortu zla diote: “Ekitaldiaren zerbitzu integrala eskaini nahi dugu, enpresa, erakunde eta partikularren kultura, enpresa edo gizarte arloko ekitaldiak alokatu eta horiei lekua egin ahal izateko. Bertan, gainera, bertaratzen direnek ostatu hartu ahal izango dute. Gure eskualdean esperientziak sortzeko gune bat, non ekitaldien eta aisialdiaren sektoreko enpresek beren produktua gure ingurunean eskaini ahal izango duten”.
Xabier Ortuzarrek, Mikel Vallek eta Endika Baonzak osatzen dute Bertokuek enpresa, eta eurek jaso dute lehen sektorea bultzatzearen ideia onenaren saria; 1.000 euroko saria jaso dute. Aurtenn jarri dute martxan enpresa, eta bi ardatz ditu: bertoko produktuen kontsumoa sustatzea eta ekoizleak balioan jartzea alde batetik, eta inguruko ortuak eta bedarguneak biziberritzea eta aktibatzea bestetik. “Gure esku dagoen guztia egingo dugu bertoko ekoizleak gure egunerokotasunera ekartzeko. Ekoizle eta kontsumitzaileen arteko erlazio bat sortu nahi dugu eta horretarako Bermon denda bat ireki dugu. Gainera, inguruko lurrak egokitzeko mantenu lanak ere eskainiko ditugu”.
Martxotik bizi dugun ezohiko pandemia egoera dela eta, COVID-19aren egoera arintzera bideratutako ideia onena ere saritu dute aurten: DI-DA Busturialdeko Delivery Zerbitzua. Leire Gomez eta Olaia Arejita dira bitartekari lanak egiten dituen enpresa ideiaren sustatzaileak eta euren proiektua martxan jartzeko 1.000 euro jaso dituzte. Denda eta jatetxeetatik etxeetara produktuak garraiatzeaz arduratzen den proiektua da eurena: “Ez gara jatetxeetako janaria entregatzeaz soilik ari. DI-DA enpresako garraiolariek denetarik eramango dute etxeetara; supermerkatuko erosketa, medikamentuak, ferreteriako produktuak, ogia… besteren artean”.
Negozio ideiok martxan jartzen laguntzeko jaso dituzte diru sariak. Lehiaketaren helburu nagusietako bat, ekintzailetza bultzatzeagaz batera, eskualdean lanpostu berriak sortzea bermatzea baita. Gainera, proiektu irabazleek urtebetez Arratzuko Elkartegian langune bat doan erabiltzeko aukera izango dute, Busturialdeko Gazteria zerbitzuek ordainduko baitute langune hori.
32 proiektu berritzaile. Zazpigarren urtez egin dute Bermeoko eta Gernika-Lumoko Udaletako Gazteria Zerbitzuek eta Urremendi Landa Garapen Elkarteak antolatutako lehiaketa, eta aurten, 32 enpresa ideia aurkeztu dituzte eskualdeko ekintzaile gazteek, “inoiz baino gehiago”; iaz zazpi proiektu aurkeztu zituzten.