Bateragune auziaren kontrako elkarretaratzeak egingo dituzte Busturialdean
Alderdi politikoek, sindikatuek eta eragile sozialek elkarretaratzeak deitu dituzte zapaturako, 12:00etan, herri guztietan.
Bateragune auziko bost auzipetuak berriro epaituko dituztela jakinarazi zuen astelehenean Espainiako Auzitegi Gorenak, eta horiei elkartasuna adieraziko diete herriz herri.
Alderdi politikoek, sindikatuek eta eragile sozialek elkarretaratzeak deitu dituzte zapaturako, 12:00etan, herri guztietan. Bermeon Lamerako harrizko bankuan elkartuko dira, eta Gernika-Lumon, berriz, Merkurion.
“Demokrazia” lelopean kalera irtetea erabaki dute Espainiako Auzitegi Gorenari erantzun irmo bat emateko. Izan ere, Bateragune auzia delakoagatik zigortutakoak berriro epaitzeko hartutako erabakiak kezka handia eragin du, eta “oinarrizko eskubide demokratikoen aurkako erasoa dela” adierazi dute.
Oraingoz, ELA, LAB, Steilas, ESK eta CCOO-Euskadi sindikatuek, EH Bildu, Podemos Euskadi, Ezker Anitza IU eta Izquierda Unida Nafarroako alderdi politikoek eta beste eragile batzuek (Gure Esku Dago, Emakumeon Mundu Martxa, bilgune Feminista, Sare eta Etxerat) sinatu dute deialdia.
Zergatiak. Gaur, zergatik epaituko dituzten argudiatzeko ebazpena kaleratu du Goreneko bigarren aretoak. Autoaren arabera, “derrigorrezkoa” da epaiketa berriz egitea. Izan ere, autoak dioenez, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Auzitegi Nazionalean egindako epaiketa “inpartziala” izan zela ondorioztatu zuen, eta lehen sententzia “indargabetuta” gelditu zela,. Horren ondorioz, epaiketa berri bat egin behar dela adierazi du.