Liburutegi jasangarriei buruz hitz egingo dute barikuan
Interesa duten herritarrek Kultura Gernika-Lumo webgunean izena eman beharko dute. Saioak bi ordu iraungo ditu, eta parte hartzeko aukera egongo da.
Gernika-Lumoko Udalak Liburutegi jasangarriak: herritarren espazioak izenburupean web mintegia prestatu du barikurako. Mintegiak Nazio Batuen 2030 agendaren marko politiko berria jorratzea du helburu, “inor atzean ez geratzeko” eta “herritar guztiei aukerak eskaintzeko”.
Liburutegi publikoek asmo hori partekatzen dutela dio Jokin Garatea kultura-zinegotziak: “Hezkuntza, pertsonen eta herrialdeen arteko berdintasunean oinarritutako hazkunde ekonomiko eta kulturala, hiri jasangarrien garapena eta bizitza osasuntsua izateko eskubidea gure liburutegien lanaren DNA dira”.
Hori horrela, 11:00etan hasi eta 13:00etara bitartean, liburutegientzako eta informazio-profesionalentzako ekintza-esparru berria jorratuko dute; Agenda 2030 izango dute eredu. Halaber, liburutegi inklusiboei eta irakurketa demokraziari buruz ere ariko dira.
Gai guzti horiek gai bakoitzeko adituekin jorratuko dituzte. Besteren artean, honako hauek izango dira hizlariak: Alicia Sellés Artxibo, Bibliotekonomia, Dokumentazio eta Museistika Sozietateen Espainiako Federazioko kidea; Clara Flamarique Nafarroako Gobernuko liburuzaina; Blanca Mata irakurketa errazeko taldeko kidea; eta Fernando Juarez, Muskizko Udaleko liburuzaina eta ALDEEko presidentea.
Izena eman. Interesa duten herritarrak Kultura Gernika-Lumo webgunean erregistratu beharko dira. Izena eman eta gero, mezu elektroniko bat jasoko dute, Zoom plataforman egingo den mintegian sartzeko gakoekin.
Zehaztu dutenez, saioak bi ordu iraungo ditu, eta txat baten bitartez parte hartzeko eta galderak egiteko aukera izango dute parte hartzaileek. “Txataren bidez bideratutako galdera guztiei amaieran erantzungo diete adituek, eta ahozko galderen txanda ere irekiko da orduan”, zehaztu dute arduradunek.