Kulturarteko bizikidetza ardatz
Integrazioa bultzatu eta espazio berriak sortzeko hiru emanaldi prestatu dituzte Gernikatik Mundurak, Gernika Gogoratuzek, Ideasurrek eta Ongi Etorri Errefuxiatuakek. Gernikatik Mundura elkarteak 25 urte bete ditu aurten.
'Gatazkan dauden lurraldeak' proiektuaren Mozanbikeko dokumentaleko irudia. Argazkia: Gernikatik Mundura Migrazioa eta elkarbizitzari buruzko ikus-entzunezkoen zikloa egingo dute bihar hasita, Gernika-Lumon. Kulturartekotasuna bultzatzen duten ekimenak antolatuz, integrazioa bultzatu eta espazio berriak sortzea da zikloaren helburua.
Gernikatik Mundura elkarteak 25 urte bete ditu aurten, eta Bilgunea osatzen duten Gernikatik Gogoratuz eta Ideasurrekin, eta Ongi Etorri Errefuxiatuekin batera hiru emanaldi prestatu ditu hurrengo egunerako.
“Elkarbizitza, gizarte kohesioa eta integrazioa bultzatzeko eta arrazakeriaren kontra egiteko lanean gabiltza, eta horri buruz hausnartzeko espazioak sortu gura ditugu ikus-entzunezkoekin”, azaldu dute Gernikatik Mundura elkarteko kideek. Elkarbizitza, arrazakeria edota gizarte kohesioa “oso gai garrantzitsuak” direla pentsatuta, eta ez direla behar beste lantzen diote: “Herri mailan ez diegu gai horiei behar besteko arreta jartzen, eta arreta gehiago jartzea beharrezkoa dela erakutsi gura dugu. Gero eta gehiago gainera. Izan ere, errealitatea aldatzen doa eta gero eta gehiago dira emigratzea erabakitzen duten herritarrak”.
2007an grabatutako Bizi naizen lekutikdokumentalagaz Gernikaldean izandako migrazio mugimenduak landuko dituzte: “Busturialdean belaunaldi eta norabide ezberdinetan emandako migrazioa prozesuak lantzen dira dokumentalean; eskualdetik artzain modura kanpora joan zirenak ageri dira, baita beste lurralde batzuetatik Gernikaldera 70. hamarkadan etorri zirenak ere”. Errumaniarren edota latinoamerikar gazteen errealitatea ere ageri da, euren ikuspuntutik kontatuta. Duela 12 urte ekoitzi zuten dokumentala Daniel Asua eta Oier Plazak eta bertan ageri diren protagonistekin euren errealitatea zelan aldatu den jorratuko dute behin emanaldia bukatuta. “Bide batez, gainera, momentu honetan zeintzuk diren erronkak aztertuko ditugu”, azaldu dute.

‘Gatazkan dauden lurraldeak’ proiektuaren dokumentaleko irudia.
Barikuan migrazioaren gaiari jarraipena emango diote Descendents filmagaz. “Familia etorkinen seme-alabek dituzten arazoak lantzen ditu filmak. Bertokoak dira, berton jaio dira, bertakoak sentitzen dira, familia kanpoan dute, baina arrazakeria, matxismoa, klase ezberdintasuna… sufritzen dute”, diote. Ikusezinak diren arazoak dira, baina gizartean gertatzen direnak, eta horiek islatzen ditu filmak, benetako esperientzietan oinarrituta.
Zikloari amaiera emango diote martitzenean, Gernikatik Mundura garatzen ari den Gatazkan dauden lurraldeak proiektuagaz. Mozanbiken eta Kolonbian lan egiten dute, tokian tokiko erresistentzia komunitarioei laguntzen, eta bi kasu horiei buruz egindako dokumentalak proiektatuko dituzte. “Momentu honetan Cabo Delgadon, Mozanbiken proiektu bat dugu, neskak eskolara joatek eta ezkontza goiztiarrak ekiditeko”, diote eta horri eta Kolonbiako egoerari buruz hitz egingo dute. Izan ere, proiekzioekin amaitu ostean solasaldia egingo dute.
Urteurrenen urtea. 25 urteko ibilbidea du Gernikatik Mundurak, eta azken 20 urteetan elkarlan aritu dira Gernika Gogoratuz, Gernikatik Mundura eta Ideasur. Bilgunea osatzen dute, eta 20 urte daramate elkarbizitza bultzatzen. Astraren 15 urteurrena heltzear dagoenean ospatuko dute eurena kulturarako fabrika sozialean.
“Bilgunea osatzen duen elkarte bakoitzak bere espezialitatea du, baina denon artean ahalegindu gara elkabizitzaren alde egiten”, azaldu dute. Bakearen eta elkarbizitzaren ikuspegitik eta garapenerako lankidetza eta naziarteko elkartasuna jorratzetik etorkinen errealitate ezberdinak landu dituzte. Eta orain, Busturialdeko Harrera elkarteagaz ere lanean dabiltza. Bizi naizen lekutik elkarlanean egin zuten, eta aurrerantzean ere bide berriak eraikitzeko lan egingo dutela argi dute: “Gure asmoa da hurrengo urteetan ere, orain arte egin legez, lanean jarraitzea. Bilgune eta Ongi Etorrigaz batera lanean jarraitzeko asmoa dugu”.
Izan ere, orain “errealitate berriak” agertu dira, eta OEE taldeagaz egungo arazoei erantzuteko lanean ari direla diote, etorkinei harrera egiten esaterako. “Azken 3 urteetan migrazioa hazi da, eta erakundeak ez dira gai horri erantzuteko. Hala, gizarte mailan antolatu gara erantzunak ematen joateko”. Arrazakeria ere “landu beharreko gaia” dela diote: “Oso berba gutxi egin dugu arrazakeriari buruz Gernikaldean, baina bertan dagoen arazoa da, ezkutatu egiten duguna”.
Ikus-entzunezkoen zikloagaz errealitate horiei hausnartu gura dute. “Jendeak etorkinak zergatik datozen ulertzea gura dugu. Guk ere emigratu dugu garai zailetan. Jendea hausnarketara bideratu gura dugu, gutxi lantzen diren gaiak direlako; bai gizarte mugimenduen aldetik zein gizarte modura”.
Egitaraua:
Bihar (eguena). 18:30ean, Astran, Bizi naizen lekutik dokumentalaren proiekzioa eta solasaldia.
Etzi (barikua). 18:30ean, Lizeo Antzokian, Descendents.
Abenduak 22 (martitzena). 18:30ean, Astran, Gatazka egoeran dauden lurraldeak: Mozanbike eta Kolonbiako kasuak. Ostean, solasaldia.