Jaietako dirua helburu sozialetarako eman du Lurgorriko Jaiak elkarteak
Elkarteak 7.000 euro eman dizkio udalari, "ekintza sozialetarako". Alkateak elkartearen ekarpena eskertu du.
Pandemiaren irudi latzenetako bat da langabezia zerrenden hazkundea. Ildo horretatik, Lurgorriko Jaiak elkarteak 7.000 euro eman dizkio Gernika-Lumoko Udalari.
Lurgorriko jaiak prestatzeko aurrekontuaren soberakinetik geratutako kantitatea da hori, aurten ezin izan dira-eta auzoko festak ospatu. Ekimen solidarioaren helburua gazte familiei laguntzea da, haurrekin Gabonetan dituzten gastuak arintzeko eta hipoteka eta alokairuen ordainketekin laguntzeko. Hori horrela, udalak diru hori Nik Gernikan Gabonetako bonoak kanpaina bultzatzeko erabiltzea erabaki du, hau da, 10 urte bitarteko umeei opariak erosteko.
Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko alkateak ekimenaren garrantzia nabarmendu du, “elkarteak laguntza eskatu beharrean aurrerapausoa eman duelako eta egoera zailean diru ekarpena egitea erabaki duelako”. Elkartearen sentiberatasuna “eredugarria” izan dela dio, eta egindakoa eskertu du, “gizatasuna erakusten duelako”.