Busturialdeko Ur Partzuergoak 2021ko aurrekontuaren %12,74 bideratuko du inbertsioetara
2021eko aurrekontua 6.689.163 eurokoa izatea aho batez onartu dute. Horietatik 852.214 euro inbertsioetara bideratuko dituzte. Urte hasieran hasiko dira saneamendu sarea hobetzeko Gernika eta Busturia arteko lanak.
Busturialdeko Ur Partzuergoaren kontseilu orokorra batu zen duela bi aste, eta 2021eko aurrekontua 6.689.163 eurokoa izatea onartu zuen aho batez. Aurten baino 226.071 euro gehiago izango ditu ur partzuergoak datorren urtean, baina aurrekontu horretatik 400.000 euro aurtengo soberakinak dira. Inbertsioetarako kopurua aurrekontuaren %13koa izatea erabaki dute oraingoan; hau da, 852.214 euro bideratuko dituzte inbertsioetara 2021an.
Jakinarazi dutenez, urte hasieran hasiko dira Busturialdeko Ur Partzuergoko ur saneamendu sarearen Gernika eta Busturia arteko tartea gauzatzeko lanak. Hala, Gernikako, Kortezubiko eta Gautegiz Arteagako ur zikinak Lamiaranera bonbeatuko dira. Lan horiekin, Urdaibaik saneamendu sarea hobetuko du. EH Bilduk esan duenez, “Euskal Autonomia Erkidego osoan sanemandurik txarrena” duen eskualdea izateari utziko dio.
2015ean URAgaz eskualdeko saneamendu sarea hobetzeko eta kolektoreko obrak gauzatzeko inbertsioak hitzartu ziren. Eta hitzarmen horretan jasota geratu zen Muxika eta Gernika tarteko kolektorea hobetzeko diru konpromezua. Oraindik egin barik dago hori tarte hori, eta koalizio abertzaleak salatu duenez, Eusko Jaurlaritzak “oraindik ez du hori egiteko konpromezurik” agertu: “Eusko Jaurlaritzak orain 30 urte Urdaibai Biosfera Erreserbaren babes eta ordenantza legea onartu zuen, eta jakin beharko luke, titulu horrek inbertsioak asumitzea ere badakarrela. Beraz, ez dago aitzakiarik 2021ean Jaurlaritzako aurrekontuetan 10 milioi euro doitzeko eskualdeko saneamendu sarea amaitzeko”.
Langile gehiago. Datorren urtean hasiko diren obrek hiru herriko ur zikinak Lamiaranera bideratzea ekarriko dute. Horrek, azpiegitura berriak martxan jartzea dakar, eta azpiegitura berri horiek martxan jartzean “langile gehiagoren beharra” egongo dela uste dute koalizio abertzaleko kideek.
Hala ere, BUPeko 2021eko urteko aurrekontuetan ez dela langile gehiago kontratatzeko diru sailik ageri salatu dute EH Bilduko ordezkariek: «Horren arrazoia da Iñaki Gorroño eta Juan Felix Naberanek eskualdeko ur partzuergoa Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoan integratu gura dutela datorren urtean; eta ez dute kasualitatez ere B planik prestatu hori saihesteko». Salatu dutenez, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoan uraren tarifak Busturialdekoak baino %30 garestiagoak dira.
Halaber, eskualdeko ekonomian ere “eragina” izango duela gaineratu dute koalizio abertzalekoek: “BUPek eskualdean egiten dituen erosketetan 500.000 eurotik gora uzten ditu gurean, eta gure eskualdeak ezin du gehiago galdu. Guzti hau isilean eraman dute, eztabaida publiko eta kontrol sozialik barik, noiz eta, ura, Wall Streeten kotizatzen hasi dela jakin dugunean”.