Memoria eta elkarbizitza ardatz, AfalosteON laborategi gastronomiko sozialean
Afalostea Zoom plataforma erabilita gauzatuko da astelehenean, 19:00etatik 21:00etara bitartean, eta bertan egon gura duenak aurretiaz izena eman behar du.
Euskal Herriko memoria eta elkarbizitzari buruzko gaiak jorratzeko AfalosteON laborategi gastronomiko eta soziala prestatu dute astelehenerako, euskaraz. Online elkarrizketen eta sukaldaritzaren bitartez, memoria eta elkarbizitzari buruzko gaiak landuko dituzte parte hartzaileek.
Orain arte Bake Leku txokoan batzen ziren parte hartzaileak, baina pandemia dela-eta, online egitea erabaki dute antolatzaileek. Hain zuzen, Bizkai, Araba eta Gipuzkoako 27 elkartek osatzen duten Giza Eskubide eta Bake Hezkuntzaren Elkarteen Foroak sustatu du ekimena. Hori burutzea, Bakeolak eta Gernika Gogoratuz elkarteek errazu dute, Iñigo Retolazaren laguntzagaz.
Asteleheneko AfalosteON laborategi gastronomiko eta sozialean motibazio politikoko indarkeriek eguneroko bizitzan eta gizarte sarean zelan eragin duten aztertuko dute. «Iraganak gure oraingo eta etorkizuneko bizitzan dituen ondorioei buruz hausnartzeko gunea eta unea izango da», zehaztu dute. Izan ere, bizikidetza soziala sustatzeko gune birtuala da ekimena.
Izen ematea
Afalostea Zoom plataforma erabilita gauzatuko da astelehenean, 19:00etatik 21:00etara bitartean, eta bertan egon gura duenak aurretiaz izena eman behar du. Horretarako, Giza Eskubide eta Bake Hezkuntzaren Elkarteen webgunean dagoen izena emateko orria bete beharko da. Behin hori eginda, Zoom plataformara batzeko esteka jasoko dute apuntatu direnek.
Parte hartzeko baldintza bakarra norberaren bizipenak partekatzeko eta beste ikuspegi batzuk ezagutzeko gogoa izatea da. Bakoitzak pintxo edota plater bat partekatu beharko du (argazkian edo zuzenean), iraganeko gune esaguratsuren bat gogora ekartzeko eta horri buruz hausnartzeko.
Gehienez ere, 15-20 lagun batuko dira, eta genero eta belaunaldien arteko oreka bilatuko dute, «foroa belaunaldien arteko topagune anitza ere badelako».