Jostailuak emanda, lagundu
Aurte ere, jostailu bilketa jarri du martxan Gurutze Gorriak, eta Busturialdean ere bilketak egingo dituzte. "Berriak, ez belikoak eta ez sexistak" diren jolasak jasoko dituzte bi astez.
Jolasak eta jostailuak hezkuntzarako eta balioak transmititzeko tresna bikainak dira, baliagarriak. Gabonetan, haur eta gazte askok jasotzen dituzte euren garapenerako horren garrantzitsuak diren jolasak. Aurten, baina, familia askorentzat ez da erraza izango tresna eta baliabide horiek etxean edukitzea.
Hori horrela, azken urteetan egin legez, Gurutze Gorriak jostailu bilketa jarri du martxan, “12 urtera arteko umeen eskubideak bermatzeko”. Izan ere, haur guztien eskubideak “jokoan” daudela deritze, eta ume guztiek eskubide berberak izatea dute helburu.
Ekimen orokor horregaz bat egin du Busturialdeko Gurutze Gorriak, eta gaur abiarazi du jostailu bilketa. Bi asteko bilketa izango dela zehaztu dute Gernika-Lumoko Gurutze Gorriko ordezkariek, abenduaren 18ra arte luzatuko dena: “Aurreko urteetan asteburu batekoa izan zen kanpaina. Aurten, baina, gaur hasi eta bi astera artekoa izango da”. Jostailu bilketen kanpaina luzatzearen arrazoi nagusia, pandemia da. Izan ere, aurtengoan, familien beharrizana beste urte batzuetan baino “askoz ere handiagoa” dela diote ordezkariek.
COVID-19ak sortutako pandemiak famili askoren egoera larriagotu du, gero eta familia gehiago egoera zaurgarrian utziz. Zehazki esateko, urriko datuen arabera, Busturialdean, garai hauetan ohikoa zena baino lan karga gehiago dute Gurutze Gorrikoek, %20 handitu da familia zaurgarrien kopurua. Hala ere, datuak “okerragoak” direla diote: “Urteko zifrak ez ditugu zenbatu oraindik, baina azken hilabetean familia asko gerturatu dira izena ematera. Hala, %20 baino gehiagokoa da zifra hori”.
Egunetik egunera, errekurtso ekonomiko nahikorik ez duten familiak “gero eta gehiago” direla adierazi dute, bai eta baldintza onak ez dituztenak ere. Halaber, orain arte “larri eta estu” egon diren familien egoerak “okerrera” egin du: “Janari bilketekin laguntzen genien familia horien egoera ere txartu egin da. Hori horrela, aurten, inoiz baino garrantzitsuagoa da laguntza hori eskaintzea. Familia gehiago dira-eta jostailuen beharrizana dutenak”.
200 jostailu inguru batzea da Busturialdeko Gurutze Gorriaren helburua, “eskualdeko haur zaurgarrien beharrezko premiak asetzeko”. Izan ere, biltzen diren jostailuak eskualdean bizi diren haurrentzako izango dira. “Pobreziaren mugaren azpitik dauden eskualdeko familiekin lan egiten dugu, eta haur horiei bideratutakoak izango dira jasoko diren jostailuak”, azaldu dute arduradunek.
Euren asmoak betetzea espero dute: “Elkartasun asko dago eskualdean. Beti betetzen ditugu jartzen ditugun heburuak, eta aurten ere helburuak bete ahal izatea espero dugu”. Hala ere, egoera “ez dela ona” badakite: “Aurten ez dakigu zer gertatuko den, familiek orokorrean duten egoera ekonomikoa ez da ona”.
Gogoratu dutenez, egoera larrian dauden familiek Gurutze Gorrira edota gizarte zerbitzuetara dei dezakete euren egoeraren berri emateko.
Bilketa lekuak
Jostailuak bi astetan zehar Bermeoko eta Gernika-Lumoko Gurutze Gorriaren zentroetan batuko dituzte, baita Gernika-Lumoko Txaportako Eroskin ere; Gurutze Gorriko ordezkariak bertan egongo dira gaur eta bihar, eta abenduaren 18an eta 19an, goizez eta arratsaldez. Udalerrian, gainera, herriko hurrengo establezimenduetan kaxa batzuk jarriko dituzte, jostailuak bertan utzi ahal izateko: Obaba Liburuak dendan, Jugueteria Bizipozan eta Drogueria Amution.
Zehaztu dutenez, garrantzitsua da ematen diren jostailuak berriak izatea. Ekitatea mantentzeko eta diskriminaziorik ez egoteko hartu dute erabaki hori, “haur guztiek jostailu berria izatea bermatzeko”. Halaber, egungo egoera dela eta, “segurtasuna” bermatzeko ere hartu dute neurria. Izan ere, ezin dute bermatu jostailu bat %100 segurua izatea, jatorrizko bilgarritik kanpo badago. Gainera, jostailuak ezin direla sexistak edota belikoak izan nabarmendu dute.
Osasun egoera tarteko, ekarpen ekonomikoak jasotzeko bidea ere ireki du Gurutze Gorriak. Bizum aplikazioa baliatuko dute horretarako; 38061 kodea sartu beharko da eskualdean. Mezu bidezko ekarpenak ere egin daitezke: ‘Jostailu’ hitza mezuan idatzita hiru euroko ekarpena egingo da. Hala ere, jostailu fisikoak jasotzea “nahiago” dute.
Ekarpen guzti horiek jaso egin behar dira, eta boluntarioen beharra dago horretarako. “Konfinatuta geundenean bolondres askok izena eman zuten, denbora zutelako. Baina horietako asko euren lanera bueltatu dira”, azaldu dute arduradunek. Eta euren lan karga, oraindik ere, “oso handia” dela nabarmenu dute: “Gero eta lan karga handiagoa dugu, eta gero eta beharrizan gehiago dago”.
Bilketetan parte hartzeko eta janaria zenbatzeaz arduratzen diren bolondresez aparte, beste zeregin batzuetarako ere boluntarioak behar dituzte: “Pertsona nagusiei presentzialki laguntzeko edota telefono bidezko jarraipena egiteko esaterako. Lan asko dago egiteko”. Hala, jendeari gerturatzeko eta boluntario izateko eskaera luzatu diete. Izena eman gura dutenek hurrengo telefono zenbakira deitu beharko dute: 94 625 19 88.