Ostalaritzaren irekiera baldintzatua onartu du Jaurlaritzak
Udaletatik atera ahal izatea eta konfinamendu perimetrala lurralde historikoa mugatzea ere onartu du Jaurlaritzak. Mugikortasun muga 22:00etatik 06:00etara mantenduko da. Autonomia erkidegotik atera ahal izango da abenduaren 23tik 26ra eta abenduaren 30etik urtarrilaren 2ra.
Zapatutik [abenduak 12] aurrera, 100.000 biztanleko intzidentzia tasa 500etik behera duten herrietako ostalaritza establezimenduek zabaldu ahalko dute; astelehen eta eguenetan zabalduko dute 100.000 biztanleko 500 baino gehiagoko intzidentzia tasa duten udalerrien zerrenda. Hala jakinarazi du gaur Iñigo Ukullu lehendakariak. Horrez gain, datozen asteetan indarrean egongo diren neurrien berri ere eman du. Besteak beste, lurralde historiko berdineko udalerrien arteko mugikortasuna baimendu du, ez aldiz lurralde ezberdinen artekoa.
Hurrengoak dira zapatutik [abenduak 12] aurrera indarrean egongo diren neurri zehatzak:
- Mugikortasun mugak 22:00etatik 06:00etara mantenduko dira. Salbuespena ezarriko da abenduaren 24tik 25era eta abenduaren 31tik urtarrilaren 1era bitarteko gauetan. Bi egun horietan etxeratze ordua 01:30era arte atzeratuko da.
- EAEko konfinamendu perimetrala mantendu egiten da. Konfinamendu hori abenduaren 23tik 26ra eta abenduaren 30etik urtarrilaren 2ra bitartean kenduko da.
- Lurralde bereko udalerrien arteko mugikortasuna baimentzen da. Hiru lurraldeen arteko mugikortasunak debekatuta egoten jarraitzen du. “Lurralde historiko bakoitzeko konfinamenduak abenduaren 23ra arte iraungo du”.
- Gehienez ere sei pertsona elkartzeko neurria mantentzen da. “Abenduaren 24, 25 eta 31ko eta urtarrilaren 1eko ospakizunetarako salbuespena ezarriko dira”. Topaketa horietan gehienez hamar pertsona elkartu ahalko dira. Dena dela, pertsona horiek bi bizikidetza unitatekoak izatea eta ospakizun desberdinetan pertsona horiek berdinak izatea gomendatzen dute.
- Jai eta Gabon ekitaldiak bertan behera geratzen dira. “Abenduaren 21etik aurrera, pertsona pilaketak eragiten dituzten ekitaldiak debekatuko dira. Adibidez, Gabon Gaueko edo Errege bezperako kantu taldeak, kanpaikadak direla-eta kalean egiten diren jaiak, San Tomas ospakizunak, San Silbestre lasterketak edo kale kabalgatak.
- Ostalaritza eta jatetxe jarduerak baimentzea, 100.000 biztanleko 500eko intzidentzia tasa baino gutxiago duten udalerrietan. “Establezimenduek terrazak ireki ahal izango dituzte eta barneko zerbitzua %50era mugatuko da. Erabiltzaileek mahai baten inguruan eserita kontsumitu beharko dute. Debekatuta dago barran edo zutik kontsumitzea”. 500etik gorako intzidentzia-tasa duten herrietan ostalaritza eta jatetxeak ezingo dira ireki. “Tasa 500etik jaisten denean zabalduko ahalko dira”. Osasuneko sailburuordearen ebazpen bidez, astelehen eta ostegunetan 100.000 biztanleko 500 baino gehiagoko intzidentzia tasa duten udalerrien zerrenda zabalduko da.
- Ostalaritza establezimenduek 06:00etatik 20:00etara zabaldu ahalko dute; zerbitzuguneak neurri horretatik salbuetsita daudela argitu dute. Horrez gain, ostalaritza establezimenduetako terrazetan ez erretzea gomendatu dute. “Maskara erabiltzea derrigorrezkoa da, elikagaiak edo edariak hartzen direnean izan ezik. Maskara behar bezala ez erabiltzea zigortzeko moduko jokabidea da”.
- Sei pertsonetako taldeetan kirol federatuko entrenamenduak baimentzen dira. “Gehienez % 30eko okupazioa duten aldagelak erabili ahal izango dira; eta, baita ere dutxak, betiere banaka”.
- Kirol jardueraren beste murrizketak mantendu egiten dira. “Gabonetako oporraldiaren ondoren murrizketak hauek malgutzeko aukera aztertuko da, betiere pandemiaren bilakaeraren arabera”.
- Gabonetan adinekoen egoitzetara bisitak egiteko araudi berezi bat onartu da.
Bestalde, Gotzone Sagarduik Osasun Batzordean parte hartu du arratsaldean, eta esan du birusaren hedapena gutxitzen ari dela, eta beheranzko joerak bere horretan jarraitzen duela. “Horrek erakusten du pandemia eteteko hartutako neurriak egokiak izan direla. Joera ona da. Datu horiek euskal gizartea egiten ari den esfortzuaren emaitza ere badira. Badakit ez dela erraza izaten ari. Dena den, erne egon behar dugu, joerak beheranzkoa izaten jarraitzeko”. Ospitaleratutakoen bilakaera ere beheranzkoa ari dela izaten esan du. “Hori bai, ZIUetako egoera ez da lasaitu”.
Txertaketari dagokionez, Sagarduik argitu du Osakidetzak txertaketa egiteko profesionalak dituela. “Osasun Saila eta Osakidetza txertaketari buruzko hainbat alderdi lantzen ari gara. Profesional gaituak ditugu hori egiteko, baina oraingoz itxaron egin behar da. Momentuz, ez dago txertaketarako egutegirik zehaztuta”.