"Herriaren hitza kantua da, eta ezin gaituzte isildu"
‘Musikak salbatuko gaitu’ izeneko lan berria kaleratu du Gatibuk. Orain arteko lanetan desberdinena da, baina euren esentzia mantendu dute. Mezu baikorrak idatzi dituzte.
20 urtean zortzi lan eta zuzeneko disko bat kaleratu dituzue. Musikak salbatuko gaitu da azken lana. Zertan desberdintzen da aurrekoetatik?
Haimar Arejita: Disko berri bakoitza beti da desberdinena. Gainera, pandemian sortutako egoeraren ondorioz, diskoa oso arin sortu behar izan dugu. Konfinamendua eta gero erabaki genuen diskoa kaleratzea, eta bost abesti berri sortu genituen arineketan. Eta ez da erraza, kostatu egiten zaigu. Oraingoan, gainera, Ricky Falkner ekoizleagaz lan egin dugu, eta horregatik ere bada desberdina. Ekoizpen bat ekoizle batek bideratu eta gidatzen du, eta bakoitzaren eskua desberdina da. Bere lana asko igartzen da disko honetan.
Alex Sardui: Maiatzean erabaki genuen disko berri bat egitea, eta baiezkoa emanda, beharrean hasi eta sortzeari ekin genion.
Musikak salbatuko gaituela diozue. Egunerokotasunez betetako gaiak daude diskoan?
A.S.: Letrek egoera desberdinak islatzen dituzte. Emozioak sentitzen ditugu, eta horietan oinarrituta sortzen dira abestiak. Azken urteko sentsazio eta emozioak pandemiari dagozkio. Logikoki, artista guztien letrak horri buruzkoak izango dira. Ez pandemiari buruzkoak bere horretan, egoera horrek bultzaturiko hausnarketei buruzkoak baizik.
H.A.: Musikak salbatuko gaitu diskoaren izena esanguratsua da, izan ere, salbazio bat itxaroten gaude denok. Gaur egun ere, oraindik, herritik atera ezinda gabiltza. Mugikortasuna murriztuta dago, eta zerbaitek salbatzeko esperoan gaude; txertoak, esaterako. Guk dioguna da salbazio hori etorri bitartean ere, musikak salba gaitzakeela. Bizitza duina mantendu beharra dago, eta musikak bizitza duinagoa egiten duela uste dugu.
“Lanik ezberdinena da, baina Gatiburen esentzia mantentzen da. Zortez beti daukagun zerbait da hori”
Musika, salbatzaile.
A.S.: Musikak jendea inplikatzen du. Abestietan kontzentratzea eragiten du. Bakoitzak aukeratzen du musika zein musika eta noiz entzun. Ez da derrigorrean egin behar den zerbait, eta horrek gozotasuna dakar. Izan ere, zuk gura duzuna egiten duzu, eta ondo sentiarazten dizu momentu txar baten aurrean. Esan genezake musikak salbatuko gaituela orain, lehenago ere salbatu gaituelako eta etorkizunean ere salbatuko gaituelako. Herriaren hitza kantua da, eta ezin gaituzte isildu.
Letra zuzenak eta mezu baikorrak oraingoan ere. Bizitzari egurra emateko dio singleak.
H.A.: Baikortasuna dago letretan, baina baita hausnarketa asko ere. Kantu batzuetan entzuten dira mezu baikorrak, baina ez denetan. Baikorrak izan arren, itxuraz batzuk hausnarkorragoak dira. Lehenengo abestia, esaterako, baikorra izan arren kritikaz jantzita dago. Euskarari buruzko hausnarketa edota oda bat ere badago.
Aurtengo lana ez da horren rockeroa.
H.A.: Zenbait kantetan, rockean erabiltzen ditudan baliabideen %10 erabili dut. Rocka gitarrekin oso baldintzatuta dago aspektu askotan, eta oraingoan, ez dira gitarra oso rockeroak entzuten. Rocka badago, baina inozkorik eta gutxien. Egurre emon da abesti guztiz rockero bakarra. Denetariko estiloak daude. Musika elektronikoaren barruan house izan daitezkeen tarteak desberdindu daitezke, baita funky estilokoak edota rap eta beste estilo batzuen arteko fusioak ere. Denetarik dago, nahastea da.
A.S.: Ezberdinena da, baina Gatiburen esentzia mantentzen da. Zortez beti daukagun zerbait da.
Grabaketak zelan joan dira?
A.S.: Tarragonako Casamuradan grabatu dugu lan berria; Jordi Mora aritu zen tekniko lanetan eta Ricky Falkner produkzio lanetan. Zortzi egunetan bertan sartu, eta grabaketa hasi eta amaitu egin genuen.
H.A: Ekoizpen eta grabazio prozesua izateko arin egin dugu. Ondo joan zen, erritmo politean.
Kirmen Uriberen errezitaldi bategaz hasten da abesti bat eta Eñaut Elorrietak ere abesten du. Elkarregaz aritu zarete.
H.A.: Kolaborazio bat da. Lagunak dira biak, artista handiak. Kantuak elkarlan hori eskatzen zigun, eta egin egin dugu.
A.S.: Erreflexio bat bultzatu gura genuen abestiagaz, eta erabaki genuen eurak zirela aproposenak ahotsa ipintzeko letra horri.
Pandemian sortu duzue diskoa. Pandemiak gehiago sortzera bultzatu ditu talde batzuk, eta gelditu, berriz, beste batzuk. Zuei lagundu dizue?
H.A.: Geuri ere zuzenean eragin digu. Sortzera bultzatu gaitu. Hor dago diskoa, hori da gure sormenaren emaitza.
“Gure neurria jendea da. Jendeak esan beharko du disko berria gustuko duten edo ez”
Durangoko Azokan azken urteetan disko arrakastatsuena izen da zuena. Aurten plaza hori falta izan duzue.
A.S.: Pre-orderra egin dugu, eta hor disko batzuk saldu ditugu. Aurten ez da Durangoko Azokarik egon, era telematikoan izan da dena. Egoera desberdina izan da, zirkunstantziala, eta aurre egin diogu. Kultura orokorrean ez dago ondo, eta konturatu gara leku bakarra dugula kultura erakusteko. Hortik kanpo oso plaza gutxi daude.
H.A.: Badabiltza euskal kulturaren beste topagune batzuk sortu guran. Espero dugu horiek eta gehiago sortzea, eta Durango ez izatea topagune bakarra.
Musika hartu-emana da.
A.S.: Musikak harreman pertsonalak behar ditu. Ez da bakarrik diskoa hartu eta entzun edota kontzertua eman eta amaitzen. Jendeagaz egotea, ezagutzea, sentsazioak hartzea da garrantzitsua.
Hartu-eman gehienak kontzertuetan ematen dira, baina aurten, kontzertuak oso mugatuta daude. 20 urteak ere ezin izan dituzue ospatu jendaurrean.
A.S.: Bizitza horrelakoa da. 20. urteurrena joan da, ahaztu behar dugu. Hurrengoan, 21.ean, ospatuko dugu. Ezin dugu geldirik egon. Proiektuak ezin dira gelditu. Izan ere, publikoa behar dugu, kopuruak behar ditugu gauza handiak egin gura baditugu. Garai horiek heldu arte itxarongo dugu, baina askatasuna ematen digutenean, berriro hasiko dira kopuruak apurka igotzen.
Lanagaz pozik zaudete?
H.A.: Egindako lanagaz oso pozik gaude. Gustura geratu gara, eta pentsatzen dugu gure esentzia mantendu dugula. Baina betiko legez, publikoak esan beharko du. Gure neurria jendea da. Jendeak esan beharko du gustuko duten edo ez.