‘Bixotzetik’ eraikitako 20 urteko ibilbidea
Duela 20 urte martxan jarri zen Gatibu. 2002an ‘Zoramena’ diskoa kaleratu eta goia jo zuten. Ordutik, euskal kulturan lekua aurkitu dute. Orain, atzera begiratu dute, "aurrera joateko".
Bizitza kotxeko ispilutik ikusten, 20 urte joan dire 20 asteburuten. Lekuek, ostalak, maletak, arazo ta pozak; kantuek ein ala, bizixe albotik doa. Hala dio Gatibuk aurten kaleratutako Bixotzetik abestiak. Atzera begiratu dute kantuagaz, “aurrera jarraitzeko”.
Etorkizunean dutela begirada diote: “Begirada ez dugu atzean, aurrean baizik. Baina atzera begiratu beharra dago konturatzeko zenbat lan egin dugun 20 urte hauetan”. Hausnarketen urtea izan da 2020a, eta bi hamarkaden balorazio “positiboa” egin dute taldeko kideek. “Positibotasun horrek ematen digu aurrera egiteko gogoa”.
2002an kaleratu zuten lehenengo diskoa, eta lan luze horren izenburuak dioen bezala, “zoramena” izan zen. Musturrek sartunde kantua momentuko arrakastatsuena izan zen, eta punta-puntara heldu ziren. “Proiektu berri batean zerotik hasten zarenean ez dakizu zer etorriko den. Ezusteko handia izan da dena, guk ez genuen horrelakorik espero”, aitortu du Haimar Arejita Gatibuko gitarra jotzaileak. Momentu hartan euren helburu bakarra diskoa grabatzea zela adierazi du Alex Sardui abeslariak: “Lehenengo kontzertua eman aurretik jendeak bazekien singlea. Ikaragarria izan zen hori”.
Alex Sardui: “Aurrez aurreko kontzertuetan gozatzen da; han ateratzen da artista”
Arrakasta lortuta, goian mantendu dira Gatibukoak. Hori izan dela “zailena” eta horren atzean “lan asko” dagoela diote: “Ezustekoa eman dezakezu, baina ospe hori jaitsi egiten da gero. Maila ona mantentzea ez da erraza. Kosta egiten da. Asko entrenatu beharra dago”.
Musikari gazteen eredu
Goi mailan mantentze horrek eredu bihurtu ditu. Asko eta asko dira Gatibuko kantak entzuten hazi diren euskal herritarrak. Herriko jaietan herriko plazara joan eta abestiak “ozen” abestu dituztenak.
Eurek badakite hori. “Pello Reparaz Zetakeko kidea gure musikagaz hasi zen. Berak esan digu hori. Orain bera da punta-puntan dagoena bere proiektuagaz. Gure lehen diskoa kaleratu zenean 12 urte inguru edukiko zituen. Denbora arin pasatu da”. Jendearen aitorpena badute, ondo erantzun diete beti, eta erreferenteak dira musikari gazte askorentzat. “Sekretua kanta onak egitea, zuzenekoetan dena ematea eta lan asko egitea da. Beste ofizio batzuetan modura, gurean ere konstantzia bilatzea da gakoa”, azaldu du Arejitak.
20 urtean Euskal Herriko zazpi kantoietan ibili dira, plazak betez. Ahotsak urratuta eta atzamarrak “bixortuta” izan dituzte batzuetan, olatu gainean edota “tatarrez” ibili dira besteetan, baina irribarre bategaz beti. Umoriek eiten deu labur bidai luzie diote Bixotzetik abestian, eta hala baieztatu dute. “Zer edo zer edukiko du honek horrenbeste ordu hara eta hona ibili behar izateko”, dio Sarduik, eta bide horretan lagun asko egin, jende eta musikari berri asko ezagutu eta “asko gozatu” dutela azpimarratu du. Euskal Herri mailan ez ezik, nazioartean ere ibili dira. “Eta non ez!”, dio Sarduik. Katalunia, Galizia, Mexiko, Londres eta Paris. Elantxobe, La Puebla, Altsasu, Oiartzun, Hazparne. Ze txikixe dan mundue, ta ze txikixek gu. Zure herriko kaliek ziur, zapaldute dekoguz, ziur.
Herri horietan guztietan eta gehiagotan emandako kontzertuetan “ondo pasatu” dutela eta zuzenekoek “zerbait berezia” dutela nabarmendu dute. “Aurrez aurrekoetan gozatzen duzu. Han ateratzen da benetako artista”, uste du Sarduik. Arejitak, bere aldetik, agertoki gainean duten adrenalina ikaragarria dela dio: “Zuzeneko kontzertuek engaiatu egiten dute. Sentsazio horren zale bihurtzen zara. Eta horrek bultzatzen zaitu hurrengo emanaldian dena ematera. Horrek eta kontzertuen inguruko guztiak”. Norberaren letrak jendeak zuzenean eta “topera” abestea “ikaragarria” dela deritze biek ala biek.
Haimar Arejita: “Sekretua kanta onak egitea, zuzenekoetan dena ematea eta lan asko egitea da”
Zuzenekoen sentsazio hori azpimarratzeaz gain, diskoen kalitatea ere zaintzen dutela diote: “Zuzenekoek zein diskoek biek daukate kalitatea, biak zaintzen ditugu”.
Egindako kilometroekin pozik daude Gatibukoak. 20 urteak “batasuna” izan dira Sarduirentzat eta “ikasketa handia” Arejitarentzat; musika eta lagunekin egindako ikasketa. “Taldearen batasuna azpimarratuko nuke. Batera egin dugu bidea, eta laurok jarraitzen dugu. Poztekoa da”, dio abeslariak.
20 urteak ez dituzte pentsa bezala ospatu, baina hori “ahaztu” eta aurrera jarraitu behar dela uste dute. Hori bai, jendearen aurrean kontzertuak emateko “gogoz” daudela aitortu dute, “jendea ikusteko eta eurekin gozatzeko”.