Zaletasunak badu aitorpena
Argazkigintza zaletasuna da Joseba Moreno gernikarrarentzat. Gozatu egiten du argazkiak ateratzen, eta aurten saritu ere egin dute. Photoka argazki lehiaketan bigarren argazki onenaren saria jaso du Urdaibai kategorian.
Kamera eskuetan hartu, islatu gura den eremu tartea enfokatu, argiztapen egokia bilatu eta eta klik egin. Argazkiek bizitzako momentu ezberdinak, bizipen alai zein tristeak, edota lekuak eta horietan bizitako oroitzapenak islatzen dituzte. Memoria fisikoa dira, gertatutakoa gogoratzeko baliogarriak.
Argazkigintza zaletasuntzat du Joseba Moreno Ugaldek. Urteak daramatza lekuak eta pertsonak kameran gordetzen. Bidaiari “amorratua” da, eta bidaia horietako paisaiak argazkietan jasotzen murgildu zen argazkigintzan. Orain, baina, kaleko errealitatea islatzea gustatzen zaio, street photography delakoa. Herritarrak dira protagonistak argazki horietan, eta argazki horietako batengatik saritu dute aurtengo Photoka argazki lehiaketan. Aurten 55 egileren 318 argazki lehiatu dira, hiru kategoriatan: baldintzapeko argazki askea, Urdaibai eta gai librea.
Urdaibaiko argazkien kategorian bigarren saria jaso du Morenoren Laga 2020 argazkiak. Jendetza ageri da argazkian, bainua hartzera doazen hainbat pertsona. “Jende asko zegoen Lagan egun hartan, denak pilatuta. Lagako bataila islatu gura nuen. Bandera gorria zegoen, eta eremu tarte berean bainatu behar ziren denak. Zoramena zen, eta zoramen hori jaso gura nuen”, azaldu du Morenok. Argazkian atera gura zuena pentsatuta zeukan aurretik, bai lekua eta ordua.
Izan ere, Lagako hondartza “leku magikoa” da gernikarrarentzat. “Ezin gara kexatu bizi garen lekuaz. Urdaibai ingurua ikaragarria da, baina Laga berezia da niretzat”, kontatu du. Ilunabarra baino ordubete lehenagoko argazkiek duten argia du gustuko Morenok, ”oso berezia” dela dio. Hala, abuztu amaierako ilunabarrean ateratako argazkia da saritua. Kontraargiagaz jokatu eta efektu berezia lortu zuen, argazkiari “dinamikotasuna eta mugimendu kutsua” emanez. Zuri-beltzean jarrita, gainera, mugimendu sentsazioa areagotu duela kontatu du.
“Kameragaz jolastu beharra dago, aukerak ikertu eta ikasteko”
Ez da argazkilari profesionala, afizionatua dela dio, baina ez da jasotzen duen lehenengo saria. 2018an ere lehiaketa berean parte hartu zuen, eta lehenengo saria jaso zuen, Laga planet argazkiagaz. “Askatasuna islatu gura nuen hartan. Maiatzean ateratakoa da, eta Lagak beste planeta bat zirudien”, azaldu du.
Argizaiolan lehiatzen
Aurtengo bigarren saria jasota, 2018an modura, 2021eko Argizaiola sarietan lehiatuko da Moreno: “Interesgarria da. Jende asko ezagutzen duzu, eta jendearen argazkiak ikusten dituzu. Argazkilari bikainak eta errekurtso handiak dituztenen lanak egoten dira ikusgai”.
Autodidakta da saritua, eta bidaietan ikasi du argazkiak ateratzen: “Ikasteko kameragaz jolastu behar da, aukerak ikertu eta ikasi”. Jendea ezagutzeko, mundua ikusteko eta ikusitakoak biltzeko aukera ematen dion zaletasuna da argazkigintza. “Askatasuna” ematen diona.
Bideak egitea eta argazkiak ateratzea «bat» datozen kontuak dira gernikarrarentzat. Asko dira zeharkatu dituen lekuak. AEBtan egon da, Nepalen hiru aldiz eta Tibeten birritan. Paisaiak islatzetik tokiko kultura eta pertsonak enfokatzera igaro da, argazkiak ateratzeagatik, arriskuan jartzeko punturaino: “Salatzekoak diren egoerak jasotzen ditut”. Horiek ditu gustukoenak. Hala, Katxemiran (India) “mehatxatu” egin zutela dio: “Meskita baten kanpoan geunden, eta gizonak sar zitezkeen bertara, baina emakumeek ez zuten baimenik. Argazkia atera nuen, eta mehatxatu egin ninduten. Arineketan ihes egin behar izan nuen handik”. Emakumeen askatasun eza irudikatzeko hainbat argazki atera ditu Morenok bidaietan.