Ikuskizuna bueltan da
Gernikako zesta torneoa gaur arratsaldean hasiko da. Urko Lekerika gernikarrak del Riogaz bikotea osatuta, Arberen eta Aldazabalen kontra lehiatuko dute final-laurdena. Abenduaren 18an jokatuko dute finala.
Zaleen babesagaz ezin bada ere, ikuskizuna bueltatuko da zestaren katedralera. Gernikako Zesta Torneoa hasiko dute gaur, 18:00etan, eta bi astez jokatuko dute. Hain zuzen, gaur final-laurdenak lehiatuko dituzte, barikuan [abenduak 11] finalaurrekoak eta abenduaren 18an [barikua] finala. Jai Alai World Tour zirkuitorako puntuagarria da.
Publikorik barik lehiatuko badituzte ere, partiduak ikusteko aukera eskaini dute. Finalerdiak eta finala ETBn emango dituztela iragarri dute.
Lekerika, Barandika, Erkiaga, Goiko, Lopez… aurten horiek ez dute Gernika-Lumoko Jai Alain jokatzeko aukerarik eduki. Uda hasieran esan zuten abuztuko Grand Slama ez zela egingo, eta urrian Urriko Masterra antolatzeko asmoa bazeukaten ere, azkenean ez zen egin. Hala, izen handiko puntista asko Danian eta Miamin daude, eta horrek gazteenei aukera zabaldu die. Urko-del Rio eta Arbe-Aldazabalen arteko izango da gaurko final-laurdenetako bat, eta bestean, Antxon-Zabala eta Goenaga-Mandiola bikoteak ariko dira zein baino zein gehiago.
Horien artean, Urko Lekerika 20 urteko aurrelari gernikarrarentzat hitzordu berezia da honakoa, bai eta katedralaren harrobiak eman duen maisu handienetakoa den Diego Beaskoetxea gernikarrarentzat ere. Beaskoetxeak Donostiako Grand Slama irabazi berri duen del Riogaz ariko da Lekerika, eta Jokin Arbe markina-xemeindarraren eta Aimar Aldazabal atzelari berriatuarraren kontra lehiatuko dira finalaurreko txartela lortzeko borrokan.
Hain zuzen, bi bikote zuzenean sartuko dira finalaurrekoetara: Beaskoetxea-Manzi eta Hormaetxea-Urtasun.
Urko-del Dio eta Arbe-Aldazabal final-laurdeneko bikote irabazleak Beaskoetxearen eta Manziren kontra jokatuko du finalerdia, barikuan. Antxon-Zabala eta Goenaga-Mandiola partiduko bikote irabazleak Hormaetxearen eta Urtasunen kontra jokatuko du.