Durangoko Azokak aurreikuspenak gainditu ditu
Hain zuzen ere, abenduaren 4tik 8ra arte, 7.800 erosketa egin dira. Guztira, 27.758 produktu saldu dira: 15.577 liburu, 7.036 disko eta bestelako 5.145 produktu.
Gerediaga elkarteko ordezkariek egindako aurreikuspenak “bete” eta “gainditu” ditu Durangoko Azokak, eta “hunkituta” daudela esan dute gaur egindako balorazio prentsaurrekoan.
Gerediaga elkarteko Nerea Mujika eta Arantza Atutxa pozik eta eskertuta agertu dira. Erosketa guztiak digitalak izan dira aurten, eta horrek aukera eman die antolatzaileei datu guztiak zehatz eman ahal izateko. Hain zuzen ere, abenduaren 4tik 8ra arte, 7.800 erosketa egin dira. Guztira, 27.758 produktu saldu dira: 15.577 liburu, 7.036 disko eta bestelako 5.145 produktu. Jakitera eman dutenez, Euskal He- rrikoak izan dira erosle gehienak, eta batez beste, 53 euro gastatu ditu haietako bakoitzak, 3,5 produktu erosteko. Abenduaren 8a izan da salmenta gehien izan zituen eguna, azokako azkena, hain zuzen ere.
“Asko izan dira egun hauetan agortu diren produktuak, eta hainbat sortzaile, argitaletxe eta diskoetxe gerturatu behar izan dira produktu gehiago ekartzera”, esan du Atutxak. Gaineratu du langileen txandak bikoiztu behar izan dituztela, paketeak egiteko kutxa gehiago eskatu behar izan dituztela eta garraiolarien bidaiak ere areagotu behar izan dituztela.
147.000 bisitatik gora. Web orriak “inoiz baino bisitari gehiago” izan ditu azken bost egunetan. Hala, aipatu dutenez, 147.000 lagun baino gehiago sartu dira www.durangokoazoka.eus-era. “Momentu jakin bazuetan, 4.000 lagun inguru batu dira Durangoko Azokako plaza digital honetan”.
Azoka egunetarako antolatutako kultur egitarauak izandako jarraipen zabala ere nabarmendu dute; bai aurrez aurre izan den ikusle kopuruagatik, bai streaming bidez izan dituen jarraitzaile guztiengatik ere. Guztira, 5.800 pertsona izan dira Durangon eta Euskal Herriko zortzi herritara eraman duten Zu non, han DA! programan antolatutako kontzertuetan, eta, guztira, 43.500 ikusle izan ditu sarean egitarauak.
Atutxak aipatu duen bezala, “jarduera horiek guztiak osasun neurriak errespetatuz antolatu dira, eta goraipatzekoa da publikoak uneoro izan duen jarrera eta errespetua”.
Durangoko Azoka amaitu ondoren ere euskal kultura kontsumitzen jarraitzeko deia egin die herritarrei Mujikak. Hain zuzen, jarraipen hori irudikatzeko Durangoko Azokako produktuak erosteko aukera egongo da urtarrilaren 8ra arte Euskal Herri osoko 141 liburudendatan; webgunean aurki daiteke zerrenda.